Krisi Ekonomikoa -
Elkarrizketa Radio Euskadin
ELA: 'Ez dago akordioa lortzeko tarterik, men egin ezean'
Adolfo Muñozek ukatu egin du maiatzaren 30eko greba deialdia Urkulluren gobernuaren kontrako ekitaldia izatea eta Eusko Jaurlaritza kanporatzeko deitu izana.
Erredakzioa
Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzak murrizketak mahai gainean jartzen baditu, ez da sindikatuekin akordioa lortzeko tarterik izango, "men egin ezean".
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, murrizketak izan ditu hizpide. Horren ustez, murrizketa gehiago ezarriz enplegu gehiago suntsituko da, eta gobernuak kritikatu ditu, beste irtenbiderik ez dagoela adierazteagatik.
Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak greba orokorra deitu du maiatzaren 30erako. Muñozek ukatu egin du greba deialdia Urkulluren gobernuaren kontrako ekitaldia izatea, eta helburua Eusko Jaurlaritza "eraistea" izatea. Muñozen iritziz, grebaren helburua politika ezberdinak aplikatzeko eskatzea da.
Klase politikoa kritikatu du Muñozek, Europar Batasunaren esanei eta sistema ekonomikoak ezarritako legeei men egiteagatik. Gaineratu duenez, ELAk "kontraboterea" izan nahi du.
Fiskalitateaz galdetuta, alderdi politiko nagusiak gaia klandestinitatean jorratzen ari direla nabarmendu du. Muñozen esanetan, Euskadiko "tea partyak" dauka eztabaida horren gaineko kontrola, eta betoa jartzeko eskumena ere badu.
Muñozen arabera, Bizkaiko eta Arabako foru aldundiek osatzen dute Euskadiko "tea partya". "Gipuzkoako Foru Aldundia ere talde horretako partaide zen, Bildu boterera heldu baino lehen", gaineratu du.