Krisi Ekonomikoa -

Mobilizazioak

Justizia alorreko funtzionarioek lanuztea egingo dute maiatzaren 20an

EAEko gainerako langile publikoek dituzten lan baldintzak izatea eta horren gainean Eusko Jaurlaritzarekin lorturiko akordioa betetzea eskatzen dute.

Justizia alorreko funtzionarioek bi orduko lanuztea egingo dute maiatzaren 20an. Argazkia: EFE
Justizia alorreko funtzionarioek bi orduko lanuztea egingo dute maiatzaren 20an.
Justizia alorreko funtzionarioek bi orduko lanuztea egingo dute maiatzaren 20an. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Justizia alorreko langile publikoek bi orduko lanuztea egingo dute maiatzaren 20an. EAEko gainerako funtzionarioek dituzten lan baldintzak izatea eta Eusko Jaurlaritzarekin adostutakoa betetzea eskatzen dute.

Asteartean, bi orduko lanuztea eta manifestazioa egin zuten Justizia alorreko langile publikoek. Justizian ordezkaritza duten CCOO, ELA, LAB, UGT, CSI-F eta CGT sindikatuek agerraldia egin dute gaur, mobilizazioak egiten jarraituko dutela adierazteko.

Aste honetan Eusko Jaurlaritzako Justizia Saileko kideekin elkartu dira, eta azken eskaintza bat egin diete. Langileen ustez, "eskaintza ez da osoa, lan baldintzak parekatzetik gertu dago, baina ez da helburura iristen".

Sindikatuek ezinegona adierazi dute, 1997az geroztik eskumen hori Eusko Jaurlaritzaren esku egon arren, oraindik ez duelako lan baldintzak parekatzeko eman zuen hitza bete. Horien esanetan, 2010ean beste akordio bat sinatu zuten, eta, horren arabera, 2013an lan baldintzak parekatzea adostu zuten. Urkulluren gobernuak, baina, ez duela adostutakoa bete, eta gainerako langile publikoei baino baldintza okerragoak jarri dizkietela salatu dute.

Josu Erkoreka Herri Administrazio eta Justizia sailburuak esandakoa gezurtatu dute sindikatuek. Erkorekak azaldu zuenez, Justizia alorreko langile publikoek soilik izan dute soldata igoera, eta gainerakoei izoztu egin diete. Sindikatuen iritziz, Erkorekak informazioa manipulatu du, izan ere, "pixkanaka soldatak parekatzeko igoera egitea adostu genuen, eta horri dagokio soldata igoera".

Langile publikoen baldintzak parekatzea lortzeko, mobilizazioak egiten jarraituko dutela adierazi dute. Hala, maiatzaren 11n langile publikoek egingo duten manifestazioan parte hartuko dute justizia alorreko langileek, eta bi orduko lanuztea egingo dute maiatzaren 20an, 10:00etatik 12:00etara.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea