Krisi Ekonomikoa -

Egonkortasun bila

Lehendakaria asteartean batzartuko da alderdi politikoekin

Segur aski, erreforma fiskala, iruzurraren aurkako borroka eta administrazioaren murrizketak hartuko dituzte hizpide. Urkulluren hitzetan, ''ulertezina'' litzateke akordiorik ez lortzea.

Asteazkenean, lehendakaria ahaldun nagusiekin bildu zen. EiTB
Asteazkenean, lehendakaria ahaldun nagusiekin bildu zen. EiTB
Lehendakaria asteartean batzartuko da alderdi politikoekin

1:20

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakaria astearte arratsaldean (17:30ean, hain zuzen ere) batzartuko da alderdi politikoekin, egonkortasun akordioak bilatzeko helburuz, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak iragarri duenez. Bilera horretako argazkirik eta irudirik ez dela egongo jakinarazi du Erkorekak, oposizioak egindako kritikei erantzuteko. Oposizioko zenbait alderdiren ustez, "denbora irabazteko" eta alderdi politikoekin "argazkia egiteko" deitu du Urkulluk astearteko bilera.

Bilera horretan, ekonomia sustatzeko planari buruzko "aurrez aurreko informazioa" emango die Urkulluk alderdiei. Europako Batzordeak defizit muga malgutuko balu garatuko lukete plan hori.

Horrez gain, lehendakariak asteazkenean ahaldun nagusiekin izandako bileraren berri emango die, eta Euskadiren egoera ekonomikoaren inguruko "diagnosi partekatua" egiten saiatuko dira. Horren ildotik, "helburu partekatuetan" aurrera egiten ere saiatuko dira.

Besteak beste, erreforma fiskala, iruzurraren aurkako borroka eta administrazioaren murrizketak ere hartuko dituzte hizpide.

Erkorekak azaldu duenez, oraindik ez diete txostenik igorri alderdiei, baina nahi beste helaraziko diete.

Urkullu: 'Ulertezina litzateke alderdiak adosteko gai ez izatea''

Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzetan, berriz, ''ulertezina'' litzateke alderdiak egoerari aurre egiteko akordiorik lortzeko gai ez izatea. Innobasque berrikuntzaren euskal agentziaren batzarra ireki du astearte honetan lehendakariak Bilbon, Euskalduna jauregian, alderdietako ordezkariekin elkartu baino astebete lehenago.

Ekitaldi horretan, Urkulluk esan du ''herri txiki eta anitza'' dela Euskadi, eta aniztasuna ''aberastasunaren eta akordiorako beharraren sinonimo'' dela.

"Inork ez luke ulertuko krisiaren garairik latzenean alderdiak eta erakundeak adostasunetara heltzeko gai ez izatea. Ekonomia berpizteko gure apustua lau ardatzetan oinarritzen da: Inbertsio publikoa, nazioartekotzea, industria eta berrikuntza'', esan du lehendakariak. Bosgarren elementu bat ere aipatu du: ''Ilusioa''.

Bizkaiak 90 milioi jasoko ditu

Bestalde, Unai Rementeria Bizkaiko Aldundiko bozeramaileak azaldu duenez, euskal erakundeek aurtengo defizitaren balizko helburua malgutzeko aukeraren harira sortu nahi duten 180 milioi euroko funtsetik 90 milioi jasoko ditu Bizkaiak.

Jaurlaritzak aldundiei 180 milioi euroko funtsa sortzea proposatu zien atzo defizitaren muga malgutzeko aukerari esker.

Ricardo Gatzagaetxebarria Jaurlaritzako Ogasun sailburuak defizita malgutzearen inguruko proposamena helarazi zien atzo (astelehena) bilera batean Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako ogasun diputatuei. Orain, lurralde bakoitzak astebeteko epea du proposamena aztertu eta erantzun bat emateko.

Bizkaiko Aldundiak aste honetan zehaztuko du diru hori zein proiektutara bideratuko duen, dena den, foru Gobernuaren lehentasuna Bilboko metroaren 3. linea egitea izango dela azpimarratu du.

Rementeriak esan duenez, euskal erakundeek sortu nahi duten funtsa, batik bat, enplegua eta azpiegiturak bultzatuko dituzten inbertsioetara bideratu nahi da.

Gipuzkoak ez du eztabaidatuko nora bideratu gastua

Gipuzkoako Aldundiak berretsi egin du parte hartuko duela aipatu 180 milioi euroen banaketari buruzko eztabaidan, baina ez duela eztabaidatuko gastu finala nora bideratu, hori Batzar Nagusiei dagokielako.

Larraitz Ugarte bozeramaileak prentsaurrekoan zehaztu duenez, Gipuzkoako Aldundiak funtsa banatzeko proposamen bat prestatuko du, eta erakundeen arteko hurrengo bilerara eramango du.

Ez du zehaztu zein izan den atzo Jaurlaritzak eta Ogasun diputatuek egindako bileran aipatutako banaketa, baina foro hori zein proiektutan inbertitu behar den erabakitzeko egokiena ez dela esan du.

Ugartek gogorarazi duenez, Gipuzkoako Aldundiak onartu egin zituen aurrekontuak, eta, beraz "egonkortasuna" dauka, eta ez du "presarik gai honetan".

32 milioi euro jasoko ditu Arabak

Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak proposatutako erakundeen arteko funtsa 198 milioi eurokoa da eta funtsa horretatik 32 milioi euro jasoko ditu Arabak.

De Andresek emandako kopurua Ricardo Gatzagaetxebarriak atzo iragarritakoa baino 18 milioi euro gehiagokoa da.

Defizita malgutu eta erakundeen arteko akordio bat adostuz gero, Arabak 9,6 milioi euro suteak itzali eta kontrolatzeko zentro bat egiteko erabili nahi du. Zentro hori ziurrenik Jundizen edo Subillabiden egingo litzateke.

Halaber, gainerako 22,5 milioi euroak berrikuntza eta ikasketa programak bultzatzeko eta Gasteizko garraioen zentroan, Arasur logistika plataforman, Forondako aireportuan eta azpiegitura hidraulikoetan erabili nahi ditu, besteak beste, Arabako Aldundiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea