Krisi Ekonomikoa -
Elkarrizketa
Etxaidek aldaketa bat eskatu dio Urkulluri egonkortasuna lortzeko
LABen idazkariaren esanetan, euskal industria "ekimen pribatuaren esku uzten ari direlako doa pikutara".
Erredakzioa
Ainhoa Etxaide LABen idazkari nagusiak oharra igorri dio Iñigo Urkullu lehendakariari, eta "horrenbeste aldarrikatzen duen egonkortasuna lortzeko, gizartea itotzen ari diren" erreformei eta neurri ekonomikoei aurre egin behar diela adierazi dio.
Etxaidek lan eta enpresa eredu berria aldarrikatu du Radio Euskadin egin dioten elkarrizketa batean; izan ere, buruzagi sindikalaren ustez, euskal industria "ekimen pribatuaren esku uzten ari direlako doa pikutara".
"Urkulluk politikak aldatzen baditu eta erreforma itogarriei aurre egiten badie, gizartearen babesa izango du. Gizarteari kontra egiten badio, ordea, ez du horrenbeste aldarrikatzen duen egonkortasuna lortuko", ohartarazi du Etxaidek.
Haren esanetan, EAE "ez dago 1.200 milioi euroko murrizketetarako, ezta soldata murrizketetarako, gizarteak protagonismoa hartu behar du, erabakigarria izan dadin".
Zentzu horretan, maiatzaren 30ean Hego Euskal herrian deitu duten greba orokorrean parte hartzeko deia egin die herritarrei, EAJren Jaurlaritzak hartu dituen erabakiak "ez direlako eraginkorrak".