Krisi Ekonomikoa -

Lan-erregulazioko txostenak

Txostenak % 7 gutxitu dira EAEn, baina langile gehiagori eragin diete

Jaurlaritzak 241 lan-erregulazioko txosten baimendu zituen apirilean eta 2.178 langileri eragin zieten.

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eman ditu datuak. Argazkia: EFE
Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eman ditu datuak.
Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eman ditu datuak. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak 241 lan-erregulazioko txosten baimendu zituen joan den apirilean, hau da, martxoan baino % 7 gutxiago. Zehazki, etendura txostenak 145 izan ziren, lan jardunaldia murriztekoak 84 eta iraungitze txostenak 12.

Espediente guztietatik 142 aurreko txostenen baten jarraipena izan ziren, eta, orotara, 2.178 langileri eragin zieten (% 77). Apirilean, guztira 2.844 langilek jasan zuten lan-erregulazio txostenen bat, martxoan baino % 1 gehiago eta iazko apirilean baino % 7 gehiago.

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, iraungitze txostenek eragindako langileak 93 izan ziren apirilean, hots, martxoan baino % 126 gehiago eta 2012ko apirilean baino % 5 gutxiago.

Sektoreka, lan-erregulazioko txostenen kopurua bere horretan mantendu zen Nekazaritzan eta Eraikuntzan, jaitsi egin zen Industrian eta pixka bat igo Zerbitzuetan.

Lan-erregulazioko  txostenak arrazoitzeko kausen artean, eskariaren eta ekoizpenaren murrizketa izan zen oraindik ere nagusia.

Bestalde, lan-erregulazioko txostenen eragin handiena jasan duten eskualdeak Arabako Lautada, Bilbo Handia eta Donostialdea izan dira. Bilbo Handian Bizkaiko txostenen % 71 eman ziren; Donostialdean Gipuzkoako % 43; eta Arabako Lautadan Arabako % 82.

Azkenik, une honetan indarrean dauden espedienteak 1.831 dira guztira eta eragindako langileak 22.844 dira. Espediente horietatik 954 (% 52) aurreko baten jarraipena dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea