Krisi Ekonomikoa -
Langabezia datuak
Rajoy: 'Langabeziaren jaitsierak politika egokia dela berresten du'
Bestetik, Aburto "neurrian, baina baikor" azaldu da enpleguaren datozen hilabeteetarako bilakaerarekin.
Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentearen arabera, maiatzean langabezia jaisteak bere politika ekonomikoa egokia dela berresten du.
Langabezia Espainian 98.265 lagunetan jaitsi izana "albiste ona" dela esan du Rajoyk eta Gizarte-Segurantzan izena eman duten lagunen kopurua 134.660 pertsonetan igo izana nabarmendu du. Ildo horretan, "bide berean" lan egiten jarraitu behar dela esan du, batik bat gazteen artean enplegua sortzeko eta kreditua hobetzeko.
Hala ere, ekonomiak hazkundea izateko eta enplegua era iraunkorrean sortzeko oraindik "gauza asko egiteke" daudela esan du.
Rajoyren arabera, "lan egiten jarraitu behar da" eta arreta enpresa txiki eta ertainei kreditua erraztean jarri behar dela azpimarratu du, "horiek aterako gaituztelako krisitik eta enplegua sortuko dutelako".
Azkenik, enplegua sortzeko neurriak hartzen jarraitu behar dela esan du, batez ere gazteen artean, "gazte asko daudelako lan egin nahi, baina ezin dutenak."
Aburto baikor azaldu da
Bestalde, Juan Maria Aburto Enplegu eta Gizarte Politika sailburua "neurrian, baina baikor" azaldu da enpleguak datozen hilabeteetan izango duen bilakaeragatik, maiatzeko langabezia datuak jakin ostean.
Gizarte-Segurantzako datuak kontuan hartuta, "azken hiru urteetako maiatzik onena" izan dela nabarmendu du.
Sektoreka eta lurraldeka datuak aztertu ostean, langabezia gehien dagoen eskualdeak, Ezkerraldea (% 21,61), Enkarterriak (% 19,83), Bilbo (% 19,76), Ibaizabal (% 18,85) eta Gasteiz (% 18,35) dira. Ordea, langabezia-tasa gutxien duten eskualdeak, Gorbeia Inguruak (% 8,57), Arabako Mendialdea (% 11,99), Debagoiena (% 12,44), Arabako Ibarrak (% 12,67) eta Lea-Artibai (% 12,68) dira.