Krisi Ekonomikoa -
2014. urtean
5.000 gaztek praktikak egingo dituzte EAEn programa berri bati esker
‘Lehen aukera’ programari esker, datorren urtean, 5.000 gaztek ordaindutako praktikak egingo dituzte euskal enpresetan. Aurten, ekimen pilotu bat jarriko dute martxan, 400 bat ikaslerekin.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak hiru programa berezi abiatuko ditu Lanbide Heziketak eskaintzen duen prestakuntza enpresen beharretara are gehiago egokitzeko, gaur Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri duenez.
‘Lehen aukera’ programari esker, datorren urtean 5.000 gaztek soldatapeko praktikak egingo dituzte euskal enpresetan. Aurten, ekimen pilotu bat jarriko dute martxan, Lanbide Heziketako 400 bat ikaslerekin.
Urkulluren hitzetan, legealdia amaitu aurretik 20.000 bat gazte euskal enpresetan praktikak egin izana da Jaurlaritzaren helburu nagusia. Praktika horietan aritzen diren gazteek soldata izango dute.
Urkulluk esan duenez, beste helburuetako bat gazteek euren burua kanpora joatera behartuta ez ikustea izango da, eta hemen lan egiteko aukerak ematea.
Lanbide Heziketa “egokitzeko” dekalogoa aurkeztu du lehendakariak: “Onak izatetik onenak izatera eramango gaituen aldaketa egin behar dugu”.
Bertan jasotzen diren puntu nagusien artean, Lanbide Heziketa zentroen eta enpresen arteko harremana estutzea, Lanbide Heziketa produkzio sistemen aldaketetara egokitzea, ikasleen artean kultura ekintzailea bultzatzea edota nazioartera zabaltzea daude.
Urkullu gehitu duenez, Lanbide Heziketa “estrategikoa” da, gaur egun enpresek behar dituzten lanpostuen % 65erako Lanbide Heziketako titulazioa eskatzen baitute.
Langabezia, gazteen artean
Iñigo Urkullu lehendakariak gazteen langabezia-tasa izan du hizpide asteazken honetan, Novia Salcedo Fundazioak antolaturiko ekitaldi batean. Gazteen langabezia-tasari aurre egiteko neurriak hartzea ezinbestekoa da, Urkulluren arabera. Azaldu duenez, Jaurlaritzaren lehentasunetako bat da gazteei lehenengo lana aurkitzen laguntzea.
Novia Salcedo Fundazioak gazteen langabeziari buruzko jardunaldia antolatu du, asteazken arratsaldean, Bilbon, "Lana berrasmatu dezagun" lelopean. Lehendakariak adierazi duenez, bat egiten du leloarekin, baina alor horretan "ez dago soluzio magikorik".