Krisi Ekonomikoa -
Greziaren erreskatea
Bruselak bere lana defendatu du NDFren kritiken aurrean
Nazioarteko Diru Funtsaren kritikak "okerrak eta oinarririk gabekoak" direla adierazi du Europako Batzordeak. NDFk polemikarekin jarraitzeari uko egin dio.
Erredakzioa
Greziako krisiaren kudeaketan egindako lana defendatu du gaur Europako Batzordeak, Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) egindako kritiken berri izan eta gero. Horrela, zor publikoaren berregituraketa 2010era aurreratu behar izan zutela ez du uste Bruselak.
"Txostenaren ondorio batzuekin ez dago ados Europako Batzordea", ziurtatu du Simon O'Connor EBko Exekutiboaren Gai Ekonomikoetarako bozeramaileak.
Grezia erreskatatzeko lehen egitasmoan "akats nabarmenak" onartu zituen NDFk asteazkenean. Doikuntza politiken eragin negatiboak gutxietsi zituztela uste du nazioarteko erakundeak.
Kritika "okerrak"
NDFaren kritikak "okerrak eta oinarririk gabekoak" direla adierazi du gaur Europako Batzordeak, nahiz eta ekimena "ikasteko prozesu" bat izan zela onartu; izan ere, "aurrekaririk gabeko larrialdi egoera oso zaila" izan zen.
Nazioarteko Diru Funtsak polemikarekin jarraitzeari uko egin dio eta troikak "ondo funtzionatu" zuela eta "funtzionatzen" duela adierazi du.