Krisi Ekonomikoa -
Batzar Nagusiak
Bilbao Ria 2000 ixtearen alde dago Aldundia, zorrak direla-eta
Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiaren hitzetan, ''porrot egin behar du''; izan ere, elkarteak 200 milioi eurotik gorako zorra du.
Erredakzioa
Bilbao Ria 2000 ''modu txukun'' batean ixtearen alde azaldu da gaur Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusia, elkarteak 203 milioi euroko zorra duela gogoratu ondoren. Bilbaoren ustez, kapital zirkulatzaile falta dela-eta, ohiko gastuak ordaintzeko arazoak egon litezke 2014an bertan.
PSE-EE alderdiak Gernikako Batzar Nagusietako osoko bilkuran aurkeztutako ekimenari erantzunez egin ditu adierazpenak Bilbaok, elkartea desegitearen kontra agertu baitira sozialistak.
Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiaren hitzetan, baina, Bilbao Ría 2000 elkarteak ''porrot egin behar du''. ''Neurriak hartu behar dira elkartea gure gainera eror ez dadin'', gaineratu du bilkuran.
Ahaldun nagusiaren esanetan, Bilbao Ria 2000 elkarteak ''bere helburu soziala bete du'', eta elkartearen ''eredua agortuta dago'', gaineratu du. Bilbaoren hitzetan, ''irabazi-asmoa'' zuen, eta ''etxebizitzen burbuilan'' oinarrituta zegoen.
Gobernu zentralak (% 50), Eusko Jaurlaritzak (%15), Bizkaiko Foru Aldundiak ( % 15), Bilboko Udalak (%15) eta Barakaldoko Udalak (%5) osatzen dute Bilbao Ria 2000, Bilbaok gogoratu duenez.