Krisi Ekonomikoa -
Lan-gatazka
Gipuzkoak aukerak eskainiko dizkie greban dauden egoitzetako bezeroei
Hilabete igaro da Gipuzkoako adinekoen hainbat egoitzak eta eguneko zentrok greba mugagabea hasi zutenetik. 71 egoitzak greba bertan behera utzi dute, eta "aurrerapausoak" izan dira Gizarte Politikako diputatuaren arabera.
Gipuzkoako Foru Aldundiak greba mugagabean dauden egoitza eta eguneko zentroetako erabiltzaileei aukerak eskainiko dizkiela iragarri du, izan ere, "Erakundeari eskatzen zaion kalitatezko zaintza bermatzea ezinezkoa da", horren arabera.
Ander Rodriguez Gizarte Politikako diputatuak Donostian emandako prentsaurreko batean esan duenez, lanuzte mugagabea deitu zutenetik hilabete bete da, eta "aurrerapauso asko" lortu dira. Gipuzkoako 118 egoitza eta eguneko zentroetako 71 gatazkatik kanpo daude, 52k Aldundiak proposatutako aurreakordioa sinatu eta gero.
Oraindik ere 11 zahar-etxek greba mugagabean jarraitzen dute, eta, beraz, "gatazka honetan kaltetuenak diren erabiltzaileak ez dira kalitatezko arreta jasotzen ari".
Gipuzkoako Foru Aldundiak erabiltzaileekiko erantzukizuna du, eta, hala, pertsona bati greba mugagabean dagoen egoitza batean sartzeko plaza egokitzen bazaio, Gizarte Politikako Departamentuak zerbitzua mugatua dela jakinaraziko dio, eta hainbat aukera eskainiko dizkio.
Lehen aukera greba mugagabean dagoen egoitza horretan sartzea da, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du aukera hori gomendatzen. Bigarren aukera plaza onartu baina egoera konpondu arte adineko pertsonaren sarrera atzeratzea da.
Hirugarren aukera, greban ez dagoen beste egoitza batean sartzeko eskaria egitea da.
Akordio bila
Konponbideak aurkitzeko elkarlanean lan egiteko eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiak patronalari. "Egoera kafkiarra da, izan ere, Diputazioarekin aurreakordioa sinatu ez duten egoitzak gutxiengoa dira", gaineratu dute.
Baikor mintzatu da Rodriguez, eta datozen egunetan egoitza gehiagok aurreakordioarekin bat egingo dutela uste du.