Krisi Ekonomikoa -
Zerga-iruzurra
Italiak software bat jarri du martxan zerga-iruzurrari aurre egiteko
Programa horrek 128 bankutako informazioa trukatzen du, Ogasunean deklaratzen dutena baino % 20 gehiago gastatzen duten herritarrak harrapatzeko.
Erredakzioa
Italiako Gobernuak zerga-iruzurrari aurre egiteko sistema informatiko bat jarri du abian. Sistema horren bitartez, 128 bankutako informazioa trukatuko dute, Ogasunean deklaratzen dutena baino % 20 gehiago gastatzen duten herritarrak harrapatzeko.
Zerga agentziak hilabeteak daramatza 'redditometro' delakoa frogatzen, eta urtero 35.000 deklarazio kontrolatzea espero dute.
2009ko gastuen informazioa, 2010ean deklaratutakoa, aztertuko dute, eta bertan jasoko dituzte gastu handienak, nahiz eta arropa, aisialdia edo elikadura gastuak kanpoan geratuko diren.
Gastu horiek urte horretan deklaratutako diru-sarrerekin alderatuko dituzte eta, aldea % 20tik gorakoa bada eta ez badago justifikatzeko argudiorik, herritarrak zerga agentziaren egoitzara joan beharko du frogak aurkeztera. Lehenengo zitazioak irailean izango direla espero dute.
Ustezko iruzurgilearen argudioak nahikoa ez badira, gastu txikiagoen estimazioa egingo da, momentuko kontsumorako prezioen indizea aintzat hartuta.