Krisi Ekonomikoa -
Elkarrizketa ETBn
Egungo bideragarritasun plana defendatu du Fagor Etxetresnakek
Enpresako zuzendari orokorraren ustez, plana baliagarria ez bada zein arazo dituen zehaztu behar da. ''Ez dut uste MCCk Fagor Etxetresnaketik bereizi nahi duenik'', esan du.
E.A.
''Fagor Etxetresnak existitzen jarraitzea da helburua'', esan du astelehen honetan Sergio Treviño Fagor Etxetresna Elektrikoak etxeko zuzendari nagusiak, eta, horretarako, egungo bideragarritasun plana defendatu du.
ETBn esklusiban egindako elkarrizketan, Treviñok esan du uda amaieran bideragarritasun plana aurkeztu zutela, eta, ''lehiakortasun beharrei aurre egiteko, industria berregituraketa sendoa'' jasotzen duela.
Plan horren inguruan azaldutako kritiken aurrean, Treviñok azpimarratu du ''bideragarria'' dela, baina ''finantzaketa'' falta zaiola. Bideragarritasunaren inguruan gauza asko esan direla uste du, baina planak ''beharrezkoak diren neurriak'' biltzen dituela defendatu du. Fagorren irtenbidea beste plan bat egitea baldin bada, beste bat egingo dutela aurreratu du, baina ''zuzendu beharreko atalak aztertu eta planteatu beharko dira'', gaineratu du.
Planak jasotzen duen berregituraketaren inguruan, Treviñok esan du ''errentagarriak diren jarduerak bakarrik'' mantendu daitezkeela, eta ahokadura aipatu du bereziki (labeak, plakak eta kanpaiak).
Zorra
Urriaren 16an Fagorrek hartzekodunen konkurtsoan sartzeko asmoa iragarri izanaren harian Treviñok azaldu duenez, 859 milioi euroko zorra du enpresak, herena banketxeekin. Halaber, MCCrekin, erakundeekin eta bankuekin beraiekin ere lanean ari dela esan du, finantzaketa lortzeko.
Langileak birkokatzeko arazoak
1.000 bat langile birkokatzeko erronkari dagokionez, Treviñok onartu du horren kopuru handia izanda ''konpontzen zaila'' izango dela, baina ''Enplegu Bulegoak egin dezakeela aurreratu du'', horren hitzetan. Prozesu hori ez da zertan aldi baterako langileen kaltetan egin behar, zuzendariaren hitzetan.
Ekarpenak
Kapital sozialaren eta ekarpenen balizko galeren inguruan galdetuta, Fagor Etxetresna Elektrikoak etxeko zuzendariak esan du ''aurrera jarraitzea'' dela ekarpen horiek defendatzeko modurik onena.
Hala ez bada, ''Fagor Etxetresnakek diru hori bueltatzeko ahal duen guztia egingo du, baina, jarraipenarekin lotutako esparru batetik kanpo, Fagorren kontroletik at geratuko da itzulera hori'', ohartarazi du.
''Ez dute zertan kobratzen azkenak izan. Ez dira hartzekodunen zerrendan azkenak'', gaineratu du.