Krisi Ekonomikoa -

2014ko Aurrekontuak

Enpresen itxierak sortutako arazoei aurre egiteko funtsa eskatu du EAk

Urizarrek azaldu duenez, "kezkagarria" da EAJk PSE-EEren eta PPren babesa soilik bilatzea datorren urterako Aurrekontua onartzeko.

Pello Urizar Eusko Alkartasunaren idazkari nagusia. Argazkia: EiTB
Pello Urizar Eusko Alkartasunaren idazkari nagusia.
'Aurrekontuen aferan, Jaurlaritza PP eta PSEren babesaren bila dabil'

2:32

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pello Urizar Eusko Alkartasunaren idazkari nagusiak enpresen itxierak eragindako arazoei aurre egiteko funtsa eskatu dio Jaurlaritzari 2014ko aurrekontuetan.

Urizarrek Murgian (Araba) egin ditu adierazpenok, EAk zinegotziekin antolatu dituen jardunaldi batzuetan.

2014ko aurrekontuen inguruan gogoeta egiterakoan, Urizarrek "kezkagarri" jo du EAJk PSE-EEren eta PPren babesa soilik bilatzea. Ordezkari abertzaleak ohartarazi duenez, EAJk bi alderdi horietara bakarrik mugatzen badu negoziazioa, onartuko diren aurrekontuek "Madrilek egiten uzten duena" kudeatzeko bakarrik balioko dute.

Horren harira, "krisiaren irtenbidea Euskal Herrian bilatzea eta Euskal Herriarentzat izatea" eskatu die jeltzaleei. EAren buruzagiak erabakiak Euskal Herrian hartzeko deia egin du, eta "Euskal Herriak dituen beharrei erantzungo dien" funts bat osatzea exijitu du.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak aurreikusitako inbertsioen % 75 abiadura handiko trenaren eraikuntzara bideratzea kritikatu du, "diru horrekin arazo larriagoak konpontzera" bidera litekeelakoan.

Jaurlaritzak hala egingo balu, "EH Bilduren babesa izango luke" aurrekontuetan, jakinarazi du Urizarrek.

Izan ere, EH Bilduk oraindik ez du argitu zer egingo duen Jaurlaritzak aurkeztutako aurrekontuen aurrean, baina ez dute baztertzen osoko zuzenketa aurkeztea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea