Krisi Ekonomikoa -
Finantza krisia
JP Morganek 4.500 milioi dolar ordainduko ditu aktibo kutsakorrengatik
Finantza krisia hasi aurretik "aktibo kutsakorrak" erosi zituzten inbertitzaileen erreklamazioak itxi nahi ditu horrela, Wall Street Journal-ek jakitera eman duenez.
Erredakzioa
JP Morgan Chase AEBetako banku talde handienak 4.500 milioi dolar ordainduko ditu finantza krisia hasi aurretik "aktibo kutsakorrak" erosi zituzten inbertitzaileen erreklamazioak ixteko, Wall Street Journalek jakitera eman duenez.
JP Morgan Chaseren eta 21 inbertitzaile instituzionalen arteko akordioak 2005 eta 2008 artean Bear Stearnsek merkatuan jarritako hipotekei eragingo die, baina ez Washington Mutualenei. JP Morgan Chasek Bear Stearns eta Washington Mutualen banku jarduerak erosi zituen 2008an, finantza krisi betean.
Inbertitzaileek 5.750 milioi dolar nahi zituzten, baina Washington Mutualengatik ere dirua jaso nahi zuten. Duela hilabete batzuk, inbertitzaile horiek 8.500 milioi dolar jaso zituzten Bank of Americaren eskutik arrazoi berdinengatik.
Urrian, JP Morganek 5.100 milioi dolar ordaindu zizkien AEBeei Fannie Mae eta Freddie Mac hipoteka alorreko erakundeei aktibo hipotekarioak saltzerakoan desinformatzeagatik.