Krisi Ekonomikoa -
Pentsioak eta aurrekontuak
Milaka pertsona kalera atera dira murrizketen kontra
Gizarte Foroak eta UGT eta CCOO sindikatuek deituta, mobilizazioak izan dira Bilbon, Iruñean eta Tuteran eskubide sozialak aldarrikatzeko.
Erredakzioa
Gizarte Foroak eta UGT eta CCOO sindikatuek deituta, 70 manifestazio baino gehiago egingo dira gaur eta bihar, zerbitzu publikoen eta pentsioen defentsan, eta merkatuek estatu demokratikoa bahituta duela salatzeko, Espainiako Estatuko hiriburuetan
Euskal Herrian, Bilbon, Iruñean eta Tuteran egin dira manifestazioak.
Europar Batasunak ezarritako murrizketa politiken aurkako mobilizazio astearen baitan egin dute manifestazioa Bilbon. "Europa sozial baten alde, murrizketarik ez!" lelopean gizarte politikaren eta politika ekonomikoen kontrako jarrera irmoa erakutsi nahi izan dute.
Iruñean ehunka lagun atera dira kalera "murrizketen politikari 'nahikoa da!' esateko", Juan Goyen UGTren idazkari nagusiak adierazi duenez.
Raul Villar CCOOren idazkari nagusiaren arabera, "Espainiako Gobernuak herritarrei entzungor egiten jarraitzen du, murrizketak egiten jarraitzen du Osasunean eta Hezkuntzan, eta pentsioak murriztu dituzte, Toledoko itunari jaramonik egin gabe".
"Zure indarra erabili" lelo nagusiaren atzean, beste batzuk ere ikusi ahal izan dira. Besteak beste, Yolanda Barcina eta Mariano Rajoyren dimisioak eskatzen zituzten pankartak atera dituzte IU-Nk, Batzarrek eta PCk.
PSNko kideak ere izan dira protesta-ekitaldian.