Krisi Ekonomikoa -
Erronka berriak
Bruselak erreforma gehiago eskatu ditu, bankuen erreskatea amaituta
Lan-erreforman murrizketa gehiago egitea eta zenbait produkturen BEZa igotzea dira Europatik egindako proposamenetako batzuk.
Erredakzioa
Espainiako bankuen erreskateak "arrakasta handia" izan duela adierazi du Europako Batzordeak, asteazken honetan erreskateari amaiera ofiziala eman aurretik. Hala ere, bankuen sektoreak iraunkortasun handiagoa izateko, oraindik ere "erronka handiak" daudela azpimarratu dute. Hori dela eta, Mariano Rajoyren Gobernuari doikuntza neurriak eta erreformak bultzatzen jarraitzeko eskatu diote, batez ere lan-merkatua eta sistema fiskala hobetzeko.
Bruselako arduradunentzat, erreskatea "bide onetik joan da, hasieratik amaierara", eta Gobernuaren babes osoa izan du, hasierako "eszeptizismoa" kenduta. Erreskateak iraun duen 18 hilabeteetan, helburuak bete dira: erakunde guztiei likidezia eta kaudimena itzultzea, arazoak zituztenak berregituratzea, erregulatu eta ikuskatzeko tresnak sendotzea eta merkatuen konfiantza berreskuratzea.
Politika fiskalari dagokionez, eta datozen urteei begira, Europak ezinbesteko ikusten du egonkortasun fiskalaren eremuan "etenik gabeko ahalegina" egitea.
Espainiak, gainera, defizitaren muga % 3tik behera utzi behar du 2016. urterako, Europar Batasunarekin adostutakoa betetzeko, eta zorra jaitsi.
Horretarako, finantza publikoak zorrotz kudeatu behar ditu, Administrazioaren eraginkortasuna hobetuta.