Krisi Ekonomikoa -
Joaquin Almunia: 'Ergelkeri bat da soldatak % 10 jaistea'
Europar Batasuneko Lehiakortasun komisarioak Nazioarteko Diru Funtsak egindako proposamena arbuiatu du, eta Espainiako langabezia tasa jaisteko ekonomiak 'hazi' egin behar duela gaineratu du.
Erredakzioa
Joaquin Almunia Europar Batasuneko Lehiakortasun komisarioaren iritziz, Espainiako langileen soldatak % 10 jaisteko Nazioarteko Diru Funtsak egindako proposamena "ergelkeria bat da". Ironiaz mintzatu da: "eurek jaitsi dezatela soldata".
El Correo egunkariari eskainitako elkarrizketan, Nazioarteko Diru Funtsak uztailean Espainiako ekonomiari buruz argitaratutako txostena izan du hizpide. Nazioarteko Diru Funtsak adierazi zuenez, onuragarria litzateke itun soziala sinatzea, eta enpresariek enplegua sortzearen truke, langileek soldata % 10 jaistea onartzea.
Espainiako langabezia tasaz galdetuta, langabe kopurua jaisteko ekonomia haztea ezinbestekoa dela nabarmendu du. Hazkundea lortze aldera, "tekla guztiak ukitu behar dira".
"Etorkizuna ez dago kalitate gutxiko lanpostuetan, produktibitate maila baxuetan, soldata txikietan eta prekarietate maila onartezinetan oinarrituta", nabarmendu du.
Baikor izateko arrazoiak daudela aitortu du, tartean, langabezia tasa egonkortzea, enpleguaren suntsitze erritmoa jaistea eta banku sistemaren hobetzea.