Krisi Ekonomikoa -
Erreformen alde egin du
Barrosok Espainiako Bankuari egotzi dio Espainiako krisiaren errua
Europar Batzordeko presidentearen ustean, finantza sektorearen zaintzan izandako "akats larrien" ondorioz eragin da krisialdi ekonomikoa Espainian.
Erredakzioa
Jose Manuel Durao Barroso Europar Batzordeko presidenteak Espainiako Bankuari leporatu dio Espainiako krisi ekonomikoaren errua, finantza sektorearen zaintzan izandako "akats larrien" ondorioz; hori dela eta, errua "bere gain hartzea" eta arazoak Europar Batasunak sortu ez zituela onartzea eskatu du.
"Espainiako bankuen sarea, aurrezki kutxak -zurrumurruengatik- zein egoeran zeuden galdetzen genuen guztietan, erantzuna zera zen: dena bikain dago. Espainiako Bankuak -bankurik onena- esaten zuen 'dena bikain dago'", azaldu du Durao Barrosok. Azalpenaren ondoren zenbait alditan galdegin du: "Norena da errua (Espainiako krisiaren inguruan)?".
'Krisia atzean utzi duen Europa' mintegiaren inaugurazio ekitaldian egindako hitzaldian, Menendez Pelayo Nazioarteko Unibertsitatean, zalantzan jarri du Espainiatik krisialdiaren errua Europar Batzordeari eta Angela Merkel kantzillerrari.
Horren ildotik, Durao Barrosok nabarmendu duenez, krisiaren aurretik finantza sistema zaintzea Espainiaren eskumena zen. "Oso erreza da esatea Europak duela errua", deitoratu du.
Hori dela eta, egitura mailako erreforma "handinahiekin" jarraitzea eskatu du, alegia, Espaniak hirugarren hiruhilekoan atzeraldi luze bat "atzean" uztea ahalbidetu duten neurriak.