Krisi Ekonomikoa -

Kontrol saioa

Langabe kopurua 6.000 pertsonatan jaitsiko da bigarren seihilekoan

Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan egin du Urkulluk iragarpena, Josune Gorospe EAJko legebiltzarkidearen galdera bati erantzuteko.

Urkulluk dio 6.000 langabe gutxiago egongo direla

1:52

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomiako Erkidegoko langabe kopurua 6.000 pertsonatan jaitsiko da urteko bigarren seihilekoan eta euskal ekonomiak “hazkunde arina baina egonkorra” biziko du, Iñigo Urkullu lehendakariak iragarritakoaren arabera.

Eusko Legebiltzarreko kontrol saioan egin du Urkulluk iragarpena, Josune Gorospe EAJko legebiltzarkidearen galdera bati erantzuteko.

Jaurlaritzak iragan astean egindako aurreikuspenak gogoratu ditu Urkulluk: 2015erako Barne Produktu Gordinak % 1,7 gora egitea espero du Jaurlaritzak. Espainiako Lan Ministerioaren maiatzeko datuak aintzat hartuz, Euskadin 174.867 langabe daude.

Jaurlaritzak bultzatutako suspertze eta enplegu planek emaitzak eman dituzte dagoeneko. Horrez gain, hainbat adierazlek ekonomiaren susperraldia aurreikusten dutela aipatu du, tartean esportazioen gorakada eta kontsumoaren hazkundea.

“Bi urte eta erdiko atzeraldiaren ondoren, euskal ekonomia hazi egingo da”, esan du.

Aforamendua aztertzeko prest

Bestalde, kargu publikoen bermeen inguruan hausnarketa prozesu bat irekitzearen alde agertu da lehendakaria. Hala ere, gai horren inguruan "zuhurtzia" eskatu du Urkulluk, aforamendua bertan behera uzteak lege mailako aldaketak eskatuko lituzkeelako. Gorka Maneiro UPyDko bozeramaileak aforamenduaren figura kentzeko eskatu dio lehendakariari, bai Estatuko goi-karguei eta baita epaileei ere. Gai hura "epe motzeko demagogia eta populismoa" egiteko erabiltzea egotzi dio Urkulluk Maneirori. Hala ere, gaia aztertzeko eta hausnarketa prozesu bat irekitzeko prest agertu da lehendakaria, baina aste batetik bestera aldaketak egitea ezinezkoa dela ohartarazi du, Konstituzioa, Gernikako Estatutua eta beste zenbait legeetan aldaketak egin beharko lituzketeelako. Juan Carlos erregearen aforamenduaren inguruan, dagoeneko erregea ez dela eta bortxaezina den bakarra  Felipe VI.a dela azpimarratu du.

Bakegintza eta autogobernua

Saioan, Urkulluk esan du "argi dagoela" Euskadik estatus politiko berri bat behar duela, Espainiako Gobernuak ez duelako Gernikako Estatutua betetzen, "autogobernua ahuldu egiten duelako eta aldebikotasuna ez delako existitzen".

Alderdi Popularrari ETAren inguruko eztabaidari beldurrik ez izateko eskatu dio eta gai horri buruz jarritako "zentsura" kritikatu du Urkulluk.

Grupo Noticias taldean agertutako informazioak

Bestalde, Josu Erkoreka Jaurlaritzako Justizia eta Administrazio Pubilkoko sailburuak esan du Grupo Noticias hedabide taldean argitaratutako informazio guztiak legezko "babesak" izan direla eta Jaurlaritzak "banaketa irizpide objektiboak" erabili dituela gaineratu du.

Gai horren inguruan hainbat galdera erantzun behar izan ditu Erkorekak kontrol saioan, tartean EH Bilduk, PSE-EEk, PPk eta UPyDk egindakoak.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea