Krisi Ekonomikoa -
Negoziazio kolektiboa
Lanbide Harremanen Kontseiluak dio lan erreformak porrot egin duela
Tomas Arrieta LHKren presidenteak ohartarazi du beste 120.000 langilek gal dezaketela negoziazio kolektiboaren bermea.
Erredakzioa
Tomas Arrieta Lanbide Harremanen Kontseiluko (LHK) presidenteak salatu du lan erreformak porrot egin duela EAEn, ez duelako negoziazio kolektiboa desblokeatu eta geroz eta langile gehiago ari direlako galtzen negoziazio kolektiboaren bermea.
Arrietak 2013ko eta 2014 hasierako txosten soziolaboralaren aurkezpenean azaldu duenez, erreformak "ez du funtzionatu" EAEn, ez baitio "irtenbidea eman arazo nagusiari", negoziazio kolektiboaren blokeoari. Izan ere, horren ondorioz, "langile askok lan-hitzarmenen babesa galdu dute".
LHKren datuen arabera, 2013an 100.000 langilek baino gehiagok galdu zuten lan-hitzarmena, goragoko lan-hitzarmenik ezin aplikatu.
Arrietak ohartarazi duenez, beste 120.000 pertsonari ken diezaiokete negoziazio kolektiboaren babesa Auzitegi Gorenak lan erreforma ezarri aurretik zeuden lan-hitzarmenei eusteko klausulak baliogabetzen baditu.