Krisi Ekonomikoa -

Dokumentazioa

Zer dira funts putreak?

Funts horiek enpresen edo estatuen zor publikoa erosten dute euren balio nominalaren % 20 edo %30ren truke. Ondoren, ahalegin guztiak egiten dituzte (auzitara joz) balioaren % 100 jasotzeko.

IKER GOMEZ / EITB.COM

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Izenak ezin hobeto azaltzen du. Sarraskijaleek bezala, lur jota dauden ekonomien gainetik ‘hegaz’ egiten duten funtsak dira, bai estatuetako ekonomien edota enpresetakoen gainetik. Zorra oso salneurri baxuan erosten diete, behin indarberrituta daudenean,  oso-osorik eta interesekin berreskuratzeko asmoz.

Izan ere, funts horiek enpresen edo estatuen zor publikoa erosten dute euren balio nominalaren % 20 edo %30ren truke. Ondoren, ahalegin guztiak egiten dituzte (auzitara joz) Estatu edota enpresa horiek balioaren % 100 ordain dezaten.

‘Holdouts’ (kanpoan geratzen direnak) ere baderitze ingelesez funts espekultzaile hauei. Zorra berreskuratzean, estatuek egiten dituzten akordioetatik kanpo geratzen baitira; ondoren, balio osoa berreskuratu ahal izateko.

Egunotan, egunkari guztietako azaletara iritsi dira funts sarraskijale hauek, Argentinak bizi duen egoera dela eta. Herrialde horretan, funts hauek zor publikoaren zati bat erosi zuten bere garaian, oso prezio baxuan, eta, 2001eko krisi ekonomikoak eztanda egin zuenean, zorra ordaintzeko eskatu zioten Argentinari.

Urte horretan, ordainketa-etendura sinatu zuen Argentinak, 102.000 milioi euroko zorrarekin, historiako ‘default’-ik handiena. 2005. eta 2010. urteetan, zorraren zati handi bat berregituratzea lortu zuen Argentinak: hartzekodun gehienek (% 92,4) zorraren % 65 barkatu zioten Argentinari, baina funts sarraskijaleek ez zuten akordioa onartu.

Liskarra gaur arte luzatu da. Thomas Griesa epaileak hartzekodun denei modu berberean ordaintzeko agindu dio Argentinari, baita berregituraketa nola egin zen onartu ez zituztenei ere.

Argentinako afera horretan, American Task Force Argentina (AFTA) dago, eta, horren atzean, NML eta Elliot Capital Management daude ezkutatua, munduko funts putre handienak.

AFTAko zuzendaria Robert Shapiro da, Bill Clinton AEBko presidente ohiaren funtzionario ezagun bat, baina, atzean dagoen izen garrantzitsuena Paul Singer da, NMLko buruzagia: arrisku-funtsetako 15.000 milioi dolar kudeatzen ditu Singerrek.

Hamarkadak eman ditu herrialde ezberdinetako zorrak erosten. Peruko kasua oso ezaguna da, 5 milioi dolar ordaindu ondoren, 58 milioi irabaztea lortu zuelako. Kongon ere, 2,3 milioi dolarren truke, 100 milioi eskuratu zituen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea