Krisi Ekonomikoa -
Kontrol Saioa
'Saskibaloian ondo jolasten duten etorkinak soilik nahi ditu PPk'
Krisiak eragindako kaltea konpontzeko "urrun" badaude ere, eragile ekonomikoek "joera aldaketa" bat adierazten dutela azpimarratu du Aburto sailburuak.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak ez du Kutxabankeko edota EAEko hiru kutxetako administrazio kontseiluetako kideei egindako “ezkutuko ordainketarik” atzeman, gaur Ricardo Gatzagaetxebarria Ekonomia sailburuak azpimarratu duenez.
Gorka Maneiro UPyDko ordezkariaren galdera bati erantzunez, Gatzagaetxebarriak azaldu du, Kutxabank sortu aurretik, EAEko hiru kutxak askotan, eta erakunde ezberdinek, ikertu egin dituztela. Prozesu horietan ez da “ezkutuko ordainketarik” azalarazi, gaineratu du Ekonomia arduradunak.
Horrez gain, Vital, Kutxa eta BBKko arduradunek EAEko kutxak oso modu “garden eta profesionalean” kudeatu dituztela nabarmendu du Gatzagaetxebarriak.
'Datu itxaropentsuak'
Enpleguaren eta jarduera ekonomikoaren inguruko azken datuak “itxaropentsuak” direla eta “”joera aldaketa” adierazten dutela esan du gaur Juan Maria Aburto Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak.
Legebiltzarreko kontrol saioan, EAJk egindako galdera bati erantzuteko, azken adierazle ekonomikoak birpasatu ditu Aburtok. EAEko ekonomiak % 1,3 egin du gora urteko hirugarren hiruhilekoan eta enpleguak ere % 0,5eko gorakada izan du.
Krisiak eragindako kaltea konpontzeko “urrun” daude aipatu datuak, sailburuaren hitzetan; hala ere, adierazle guztiak “itxaropentsuak” direla eta “joera aldaketa” bat azalerazten dutela berretsi du Aburtok. 2015. urtean “enplegu garbia” sortzeko eta “susperraldi ekonomikoa bermatzeko” datu nahikoak izango direla uste du sailburuak.
'Lehiakortasuna, austeritatearen gainetik'
Bestalde, EH Bilduk Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun eta Finantza sailburuari beste galdera egin dio. Europatik eta Espainiako Gobernutik datozen murrizketen aurrean “intsumiso” izateko eskatu dio Unai Urruzuno legebiltzarkideak sailburuari.
Gatzagaetxebarriaren hitzetan, susperraldi ekonomikoa lortzeko “gakoa” lehiakortasuna da, “eta ez austeritatea”. Horren harian, “pixkanaka”, Euskadi krisia gainditzen ari dela azpimarratu du Gatzagaetxebarriak.
Gizarte laguntzak
Bestalde, gizarte laguntzen inguruko polemikaz ere mintzatu da Aburto. PPk herritarrak "nahastu eta manipulatu" egin nahi dituela azpimarratu du. Sailburuaren ustez, popularrek 'etikarik ez duen teknika arduragabe bat" erabiltzen ari dira "herritarrak manipulatzeko". "Antza, saskibaloian ondo jolasten duten etorkinak bakarrik nahi dituzte", gaineratu du."Behingoz, amaitu horrekin. Zenbat balio dute boto gutxi batzuek?; Nirekin etzazue horretara jolastu; nik behintzat oparitu egiten dizkizuet boto horiek", berretsi du.
Bestalde, Diru-sarrerak bermatzeko errentak eta gainerako gizarte laguntzek egoera txarrenean dauden herritarrei krisiaren eragina "erdira" murriztu diela azaldu du Aburtok. Izan ere, pertsona horien diru-sarrerak % 13,4 murriztu dira 2008 eta 2014 urteen artean. Aburtoren hitzetan, gizarte laguntzarik gabe, % 25,7koa izango litzateke jaitsiera.