Krisi Ekonomikoa -
Elkarrizketa
Arantza Tapia: 'Errekuperazio ekonomikoa egitate bat da'
Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailburuak onartu du hazkundea oraindik ez dela nahikoa enplegua sortzeko.
Erredakzioa
Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailburuak baieztatu duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) "errekuperazio ekonomikoa egitate bat da eta modu sendoan ikus daiteke". Dena den, aitortu du hazkunde hori oraindik ez dela nahikoa enplegua sortzeko.
Radio Euskadiri eskainitako elkarrizketan, Tapiak azpimarratu du errekuperazio ekonomikoa ez dela gustatuko litzaioken bezain azkarra eta ez dela enplegua modu bizkorrean sortzeko adinakoa, "baina esan dezakegu duela sei hilabete zalantzaz ikusten genuen hazkunde hori, gaur, sendotze pittin batekin ikusten dugu".
Tapiaren esanetan, "hazkundea gertatzen ari da, eskari gehiago daude eta industriaren egoera hobea da orokorrean. Hortik aurrera, hazkunde horrekin urte honetan zehar enplegu garbia sortuko denaren itxaropena daukagu, 2014an sortu zena baino kopuru handiagoan, gainera".
Ildo horretan, "enplegu garbiaren sorrera oso txikia da, baina ez da ahaztu behar Barne Produktu Gordinaren hazkundea % 2koa izan arte oso zaila dela enplegu garbia sortzea".
"Hala ere, esan dezakegu industrian hazkundea gertatzen ari dela eta modu kontsolidatuan ikusten ari dela. Merkataritza sektorean, 2014ko azken hiruhilekoan eta 2015 hasieran barne eskaria eta kontsumoa hazi egin direla ikusi dugu. Halaber, azpimarratu du turismoarentzat iazkoa urte ikusgarria izan dela.
Sailburuak azaldu duenez, "turismoak garrantzi handia dauka lurraldearen Barne Produktu Gordinean, egonkortzen ari den sektorea da eta enplegua sortzen ari da".
Gobierno Vasco dice que Cantabria "está tocando" a empresas vascas para que se instalen allí
Kantabria euskal enpresak "ukitzen" ari da autonomia erkidego horretan kokatu daitezen
Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun sailburuak adierazi duenez, ziur dago Kantabria euskal enpresak "ukitzen" ari dela autonomia erkidego horretan kokatu daitezen. Dena den, azaldu du "beste kontu bat da helburua lortzen ari den ala ez", izan ere Siban Kantabriara joan bada ere "beste asko" Euskal Autonomia Erkidegoan gelditu dira. Halaber, ohartarazi du Europar Batasunaren barruan ezin direla enpresak deslokalizateko laguntzak eman.
Ukatu egin du Kantabria konpetentzia desleiala egiten ari dela esaten ari denik eta azpimarratu du eskualde bakoitzak bere neurriak ezartzen dituela. "Esan nahi dudana da Europar Batasunak argi eta garbi adierazten duela eskualdeek laguntzak eman ditzaketela, berne ekoizpen ehuna hobetzeko eta enplegua sustatzeko. Hala ere, ezin dira Europar Batasunaren baitan enpresak deslokalizatzeko laguntzak eman, ez Europar Batasuneko bi herrialdeen artean eta ezta estatu bateko bi erregioen artean ere", gaineratu du.