Krisi Ekonomikoa -
Euskadiko egoera ekonomikoa
Ekonomisten ustez, egoerak hobera egingo du datozen sei hilabeteetan
EAE Espainiako Estatutik bereiziko balitz, egoerak “okerrera” egingo lukeela adierazi dute Euskadin galdetutako ekonomialari gehienek (% 59).
EITB.EUS
Datozen sei hilabeteetan Euskal Autonomia Erkidegoko egoera ekonomikoak hobera egingo duela uste dute Euskadiko ekonomialarien % 43k. Horrez gain, EAE Espainiako Estatutik bereiziko balitz, egoerak “okerrera” egingo lukeela adierazi dute ekonomialari gehienek (% 59).
Ekonomisten Euskal Elkargoak konfiantzazko adierazle sozioekonomiko bat jarri du abian bere kideen parte-hartzearen bidez: Ekonometroa. Inkesta bat eginez, ekonomistek egungo testuinguruari buruz duten iritzia jasotzea du helburu, baita etorkizunari begira enpresen eta ekonomiaren aukerak, oro har, aztertzea ere. Irauteko bokazioarekin sortu da, eta sei hilean behin egitea aurreikusi dute.
Guztira, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hiru lurralde historikoetako 898 ekonomistak parte hartu dute inkestan; hau da, kolektiboaren % 17,6k.
Inkestan, ekonomialariek Euskadiren egoera ekonomikoaren gainean duten iritziak baikortasuna islatzen du. Ia % 80k uste dute egoera ekonomikoak ez duela okerrera egin azken sei hilabeteetan, eta datozen hilabeteetan hobera egingo duela uste dute galdetutakoen % 43k. Ekonomialari horien % 11k bakarrik uste dute egoerak okerrera egingo duela.
Ekonomista horietako gehienek uste dute beren egoera ekonomiko pertsonala azken seihilekoan ez dela aldatu. % 70ek baino gehiagok erantzun dute hori, eta % 15ek bakarrik esan dute gaur egun duela sei hilabete baino okerragoa dela.
Horien ustez, euskal ekonomiaren lehiakortasunari hiru faktorek eragiten diote gehien: finantzaketa eskuratzea, prestakuntza eta kontsumo maila.
EAEn hiru zerga sistemak beharrezkotzat jotzen duten galdetuta, ekonomisten % 63k uste dute ez direla hiru sistemak mantendu behar, eta % 23k bakarrik uste dute hirurei eutsi behar zaiela, gaur egun bezala.
Katalunian independentzia prozesua abian jarri dutela-eta, EAEk Espainiako Estatuko parte izateari utziko balio zein aukera ekonomiko izango lituzkeen ere galdetu diete Ekonometroan EAEko ekonomistei. % 59ren iritziz, egoera ekonomikoak okerrera egingo luke, baina % 29,2k kontrakoa uste dute.
Bestalde, krisi ekonomikoak familien arteko aldea areagotu egin du, edo hala uste dute, behintzat, galdetutako ekonomisten % 78k.