Krisi Ekonomikoa -

Enpleguaren inguruko txostena

'Ekonomia hazten ari dela esatea eztabaidagarria da', ELAren ustez

2014an langabezia-prestazioek "300 milioi euro baino gehiago" egin zuten behera, sindikatu abertzaleak salatu duenez.

Muñoz, aurkezpenaren une batean. EFE
Muñoz, aurkezpenaren une batean. EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Suspertze ekonomikoaren mantra eta hazkundearen diskurtsoa" baztertu ditu ELA sindikatuak, eta, datu makroekonomikoei erreparatuta, ekonomia hazten ari dela esatea "eztabaidagarria" dela azpimarratu du Adolfo Muñoz idazkari nagusiak; izan ere, sindikatu abertzalearen ustez, "gakoa ez da hazkundea, aberastasunaren banaketa eta jasangarritasuna baizik". Horren ildoan salatu duenez, langabezia-prestazioak "300 milioi euro baino gehiago" jatsi dira 2014an.

Muñozek prentsaurrekoa eskaini du gaur Mikel Noval sindikatuko gizarte arloko arduradunarekin eta Iñaki Zabaleta Ikerketa Kabineteko kidearekin batera, enpleguaren inguruko txostena aurkezteko. 2014ko datuen arabera, "langabezian zeuden lagunen % 55,3k ez zuten langabezia-saririk, eta, beraz, lagun horien babes falta erabatekoa zen".

ELAren Gizarte Saileko arduradunaren arabera, krisia “ez da bukatu” eta “eztabaidatu ahal da ustezko susperraldia”. Sindikatuak “ez du hazkundearen diskurtsoa onartuko” eta “gakoa ez da apur bat gehiago edo gutxiago hazi den, baizik eta banaketa era jasangarritasuna”, gaineratu du.

Horren harian, “ekonomia-eredua eta aberastasunaren banaketa eta jasangarritasuna izango dira sindikatuaren ekintzaren ardatzak”, esan du. “Ez dugu susperraldiaren diskurtsoa sinetsiko, helburu bakarra jendea zain izatea baita, hazkundea dagoela eta ongizatea etorriko dela sinetsita, eta ez da hala gertatuko”, azpimarratu du.

Egonkortasunik eza, lan-erreformen ondorio

Bestalde, Adolfo Muñozen esanetan, “laneko eta gizarteko egonkortasunik eza ez da meteorologia eragile baten ondorio, baizik eta lan-erreformekin bilatu dutena, bultzatu dutena”. “Haien helburua enplegua erraz suntsitzea, prekarietatea areagotzea eta soldatak murriztea zen”, horren hitzetan. “Erreformak horretarako egin zituzten, eta erantzuleak daude, gehiengo absolutuaz baliatuta onartu dituztenak eta defendatu dituztenak”, gaineratu du.

Muñozen arabera, 2014ko txostenean agertzen denez, “langabeei zuzendutako diru-laguntzak 300 milioi euro baino gehiago murriztu dituzte, kopuru ikaragarria da”, eta “itzela” da 2014an “5.200 milioi euro baino gutxiago bideratu izana langabeei laguntzeko, langabezian pertsona gehiago egonda”, erantsi du.

Muñozek onartu duenez, nahi izan lukete soldaten gaineko txostena ere jasotzea, baina “oso zaila da egiazko datuak ematea, ogasunek baino ez dituzte eta ez dituztelako ematen”. “Euskal ogasunek -erreinu ilun horretan bizi dira, errenta handien eta enpresen mesederako- informazio asko dute  eta oso lagungarri izango litzaiguke bizi garen gizartea ulertzeko, baina ez dute halako informaziorik ematen”, esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Krisi ekonomikoa munduan gaur Langabezia 2024 ELA