Krisi Ekonomikoa -
Hartzekodunen konkurtsoan
Salaketa Koxkako zuzendaritzako lau kideri, dirua desbideratzeagatik
Arrisku kapitaleko enpresa bateko kideek 10 milioi euro desbideratu zituztela uste dute.
Erredakzioa
Koxka enpresako langile batzordeak, 178 langileren babesarekin, salaketa jarri du lantegiko zuzendaritzako lau kideren kontra 10 milioi euro desbideratzea egotzita.
Javier Elizari Koxkaren enpresa batzordeko presidenteak azaldu duenez, AIAC AEBko arrisku kapitaleko enpresarekin, lantegiaren jabearekin, lotutako lau pertsonen kontrakoa da salaketa, aipatu dirutza gastu pertsonaletarako edo merkataritza operazio "irregularretarako" erabili zutelakoan.
Hotz industrialaren sektorean lan egiten duen enpresa hau hartzekodunen konkurtsoan dago sartuta eta langile batzordeak aurten aurkitu ditu "dirutza handien mugimenduak", Elizariren esanetan 10 milioi euroraino iritsi direnak.
Besteak beste, Koxkako langilea ez zen pertsona baten ugalkortasun tratamendua ordaindu omen zen diru horrekin, eta 2013ko azaroan 26.000 euro gastatu zituzten asteburu batean Alpeetan, "guri % 20ko soldata murrizketa proposatu zigutenean".