Krisi Ekonomikoa -
LAngileen Nazioarteko Eguna
Euskal sindikatuek prekarietatea salatuko dute Maiatzaren Lehenean
ELAk eta LABek bananduta aldarrikatuko dute Langileen Nazioarteko Eguna. CCOOk eta UGTk martxa bateratua egingo dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Euskal sindikatuek prekarietatearen aurkako salaketa eramango dute kaleetara Maiatzaren Lehenean.
ELAk manifestazioa egingo du Bilbon, Langileen Nazioarteko Eguna dela eta, "Prekarietaterik ez" eta "Sindikalismoak indartsu egiten gaitu" leloak oinarri hartuta.
Martxa Kale Nagusitik abiatuko da. Aldez aurretik, Adolfo Txiki Muñoz idazkari nagusiak adierazpenak egingo ditu, sindikatuen garrantzia goratzeko eta prekarietatea salatzeko.
Manifestazioaren ostean, bazkaria egingo dute Areatzan.
Bestalde, LABek 25 manifestazio egingo ditu Euskal Herri osoan, "Langileok borrokan, Euskal Herria aldaketa bidean" lemapean. Sindikatu abertzaleak hiriburuetan eta hainbat eskualdetan egingo ditu martxal, eta Ainhoa Etxaide idazkari nagusia Gasteizkoan izango da.
LABek "prekarietatearen eta pobreziaren aurkako borroka” aldarrikatuko du, eta zentrala "justizia soziala oinarri izango lukeen Euskal Herri subirano baten eraikuntzan aktore nagusi izatea" defendatuko du.
Sindikatu abertzaleak ere sindikalismoaren garrantzia azpimarratuko du, langileen erronkei aurre egiteko.
Euskadiko CCOOk eta UGTk manifestazio bateratuak egingo dituzte Bilbon, Donostian eta Gasteizen, eta Unai Sordo eta Raul Arza idazkari nagusiak Bizkaiko hiriburukoan izango dira.
Horien esanetan, "aginte politikoek eta ekonomikoek" aldarrikatu dute zorroztasunari esker ari dela ekonomia krisia gainditzen, eta hori "faltsua" dela salatuko dute. Are gehiago, krisiaren amaiera "modu bidegabean" ematen ari dela ohartaraziko dute.
"Horrela ez gara krisitik aterako” izango da, hain zuzen ere, CCOOren eta UGTren leloa. Dena dela, EAEko manifestazioetako pankartetan ez dute mezu hori erakutsiko, Terueleko kideei elkartasuna agertzeko. Izan ere, probintzia horretako Hauteskunde Batzordeak debekatu egin die lema hori erabiltzea, boto asmoan eragina izan dezakeela argudiatuta.
Bilbon Steilas, CGT-LKN eta ESK sindikatuek ere egingo dute manifestazio bateratua, eta horretan parte hartzeko deia egin diete eragile sozialei eta lan-baldintza duinen alde borrokan dauden langileei.
"Langileok aldaketaren alde. Borroka eta elkartasuna" izango dute leloa, eta 11:30ean abiatuko dira, Kale Nagusiko 56. Zenbakitik. Besteak beste, langabezia datuak, prekarietatea, etxegabetzeak, murrizketa sozialak eta pobrezia salatuko dituzte, langileak oraindik ere krisitik ez direla atera ohartarazteko.
Hori horrela, "sindikalismo solidarioa, zintzoa eta borrokalaria" behar dela aldarrikatuko dute, langileak "makurtuta" nahi dituen patronalari aurre egiteko.
Gasteizen, Donostian eta Iruñean ere martxak egingo dituzte, eta CNT, Solidari, CO.BAS eta GOT sindikatuek bat egingo dute.
Azkenik, LSB-USO Bilbon izango da Langileen Nazioarteko Egunean.