Krisi Ekonomikoa -
Gomendioak
EBk uste du Espainiak murrizketa gehiago beharko dituela
Europako Batzordeak uste du arriskua dagoela Egonkortasun eta Hazkunde Ituna ez betetzeko.
Agentziak | Erredakzioa
2015ean eta 2016an Espainiak "egiturazko neurri gehiago" hartu beharko dituela esan du asteazken honetan Europako Batzordeak, defizita murriztu ahal izateko. EBren arabera, arriskua dago Espainiak Egonkortasun eta Hazkunde Ituna ez betetzeko.
Gaur eman ditu argitara Espainiari zuzendutako gomendioak eta, bertan jasotzen denez, baliteke hainbat arlo eta enpresatako soldatak ‘’`produktibitatearen azpitik hazi beharra’’, enplegua sortzeko eta lehiakortasunean irabazteko.
Aurten defizita BPGren % 4,5era jaitsiko dela eta datorren urtean % 3,5ean geratuko dela aurreikusten badu ere, helburuak “ez betetzeko arriskua” dagoela aitortu du; horregatik, Espainiako Gobernuak 2016ra egin nahi duen zerga esfortzua “aholkatutakoaren azpitik” dagoela iritzi dio.
Soldatak eta ekoizpena
Hala, "egiturazko neurriak 2015ean eta 2016ean beharrezkoak" direla uste du, Egonkortasun eta Hazkunde Ituna bete ahal izateko.
Aholkuen artean, Espainiako Gobernuari eskatzen dio "ezusteko irabaziak" aprobetxatzeko defizitaren eta zorraren murrizketa azkartzeko, eta gardentasuna eta eskualde mailako kontuak indartzeko.
Lan merkatuari dagokionez, Europako Batzordeak dio sektore eta enpresa batzuetan soldaten "igoera ekoizpenaren azpitik" egin beharko dela lanpostuak sortzeko eta lehiakortasuna irabazteko.
Horren harira, bitartekari sozialekin hitz egiteko eta "soldatak eta ekoizpena parekatzeko" deia egin dio.
Lana bilatzeko eraginkortasuna
Bestalde, lana bilatzeko aholkularitzaren eta laguntzaren eraginkortasuna eta kalitatea areagotzeko neurriak hartzeko exijitu dio, eta gazteen langabeziari aurre egiteko estrategien baitan koka ditzala.
Era berean, "familiei laguntzeko sistemak gutxieneko diru-sarrerekin parekatzeko" eta eskualde arteko mugikortasuna areagotzeko eskatu dio.