Nafarroako kutxa auzia -

Iruñeko auzitegia

Benito epaileak Nafarroako Kutxako dieten auzia artxibatu du

Auzitegi Gorenak Yolanda Barcinaren kontrako kausa itxi ostean hartu du erabakia Iruñeko epaileak.

Nafarroako Kutxako egoitza. Argazkia: EFE
Nafarroako Kutxako egoitza. Argazkia: EFE
Nafarroako Kutxako egoitza. Argazkia: EFE

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mari Paz Benito Iruñeko 3. zenbakiko auzitegiko epaileak Nafarroako Kutxako dieten auzia artxibatu egin du, Auzitegi Gorenak Yolanda Barcinaren kontrako auzia irekitzea baztertu ostean.

Uztailaren 24an, Auzitegi Gorenak artxibatu egin zuen Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentearen kontra, Nafarroako Kutxan (CAN) jasotako dieta bikoitz eta hirukoitzengatik, abiatutako auzia, gertakariak "ez direlako delitu".

Fiskaltza bat zetorren Gorenaren erabakiarekin, eta Kontuz! elkarteak eta UPyDk, ordea, ikerketak Iruñeko epaitegian jarraitzea nahi zuten.

Orain, Maria Paz Benito epaileak Nafarroako Kutxako dieten auzia artxibatu du, iturri judizialek jakinarazi dutenez.

Mari Paz Benito Iruñeko epaileak ekainaren 4ean argitaratutako auto batean, "ezinbesteko"tzat jo zuen Barcinak Auzitegi Gorenean inputatu gisa deklaratzea.

Aipatutako auto horretan, epaileak Nafarroako Kutxaren Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorrak araudirik ez zuela salatzen zuen. Batzorde horretan Miguel Sanz Nafarroako presidente ohia, Alvaro Miranda kontseilari ohia, Enrique Maya Iruñeko alkatea (hiruak daude inputatuta) eta Barcina zeuden, eta neurrigabeko dietak jaso zituzten.

Batzorde horrek bi bilera egiten zituen egun berean, eta horietako bakoitzagatik 2.680 euro jasotzen zituen presidenteak eta 1.717 gainerako kideek. Gainera, diru hori ez zen inon dieta gisa deklaratzen, eta ez zitzaion Espainiako Bankuari horien berri eman. Hori dela eta, "kontrol eta fiskalizazio oro saihesten zuten", Benito epailearen arabera.

Barcinak "aipatu batzordean duen partehartzea eta jasotako dietak ez dira, zuzenean, Nafarroako presidente edo alkate zelako, Erakunde Sortzaileen Batzordeko kide zelako baizik", Gorenak uztailaren 24ko autoan azaldu duenez.

Hori zela eta, Auzitegi Gorenak artxibatu egin zuen auzia, eta kargu guztietatik libre utzi zuen Barcina.

CAN auzia ez dago itxita Kontuz! elkartearen arabera, eta izapide berriak eskatuko ditu

"Nafarroako Kutxako auzia ez dago oraindik itxita, hasi baino ez da egin", adierazi du Kontuz! elkarteak ohar batean. Izapide berriak eskatuko dituztela, eta beharrezkoa bada bide judizial berriak irekiko dituztela gaineratu dute.

Auzitegi Gorenaren erabakiaren ondoren, Mari Paz Benitok kasua artxibatzea logikotzat jo du Kontuz! elkarteak.

Edonola ere, kasua ez dagoela itxita berretsi dute, eta delitu zantzu berriak agertu direla gaineratu dute. Nafarroako Kutxako Erakunde Sortzaileen Batzorde Iraunkorreko aktak faltsutu egin zituzten Kontuz elkarteak jarritako salaketaren ondoren, Guardia Zibilaren txosten baten arabera. Horren harira, izapideak jarriko dituztela eta beharrezkoa bada, bide judizial berriak irekiko dituztela gaineratu dute.

Auzitegiek bere "zintzotasuna" babestu dutela adierazi du Barcinak

Nafarroako Kutxako dieten auzia artxibatuta, auzitegiek bere ''zintzotasuna'' babestu dutela eta UPNko ordezkariek legez jokatu dutela frogatuta geratu dela uste du Yolanda Barcina UPNko presidenteak.

Bestalde, oposizioa kritikatu du Gobernua higatzeko estrategia erabiltzeagatik.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea