Krisi Ekonomikoa -
Justizia erreformaren kontra
Epaileen interes korporatiboengatik dira protestak, Gallardonen ustez
''Nolatan ez dira kexatuko epaileak aparteko soldata kendu ondoren?'', esan du Justizia ministroak.
Erredakzioa
Justizia arloko erreformen kontra epaileek, fiskalek eta abokatuek deitutako protestak ''interes legitimo baina korporatiboek'' bultzatu dituzte, Alberto Ruiz-Gallardon Justizia ministroaren ustez.
''Nolatan ez dira kexatuko epaileak aparteko soldata eta erabilera libreko egunak kendu ondoren?'', galdetu du ministroak. Izan ere, Gobernuak 18tik 12ra murriztu ditu Justizia arloko langileen erabilera libreko egunen kopurua.
Gobernuaren betebeharra ''herritarren interesak defendatzea'' dela esan du Gallardonek. ''Nire betebeharra ez da fiskal gisa edo abokatu gisa pentsatzea, ministro gisa baino'', gaineratu du.
Gallardonen ustez, protesta deitu duten Justizia arloko talde ezberdinak ''ez daude gauza berdinen kontra'', eta ''denboran bat egin dutela'' aprobetxatu dute.
Justiziaren defentsaren alde lehen ekitaldi bateratua egin dute astearte honetan epaileek, fiskalek, abokatuek, sindikatuek eta kontsumitzaileen elkarteek.