Ekonomia -
Akordioa hitzartu dute
Bertan behera utzi dute abenduaren 13ko eta 14ko trenen greba-deialdia
Gaur batzorde negoziaziogileekin aurreakordioak sinatuko dituzte eta datorren astean hitzarmen kolektiboa sinatzea aurreikusi dute.
Elkarrizketa
Renfe, Adif, Feve eta Sustapen Ministerioaren arteko negoziazioak akordio batekin amaitu dira eta abenduaren 13rako eta 14rako trenbideetako langileen greba-deialdia bertan behera gelditu da, Ana Pastorrek zuzentzen duen Ministerioko iturriek eta sindikatuetakoek jakinarazi dutenez.
Lehengo asteko bileren ostean, asteartean berriz ekin zioten negoziazioari, "aurrerapausoekin" eta behin betiko akordioa lortzeko prest. Azkenean, gauerdia baino pixka bat lehenago lortu dute.
CCOO sindikatuko iturrien arabera, akordioa "egungo egoerari erreparatuta, orekatua da". Bost urteko iraupena izango du (horietatik hiru dagoeneko pasatu dira) eta negoziazioak iraun duen denbora luzea nabarmendu dute. Bestalde, SEMAF sindikatuak esan duenez, akordioa "oso positiboa" da eta alde guztiek eginiko "esfortzu handiaren ostean lortu da". Era honetan, "etorkizuna ez dago lehen ikusten genuen bezain beltza".
Sustapen Ministerioaren helburua operadoreak handitzea, abiadura handiko zerbitzuak areagotzea, merkantzia gehiago garraiatzea eta, ondorioz, prezio baxuagoen truke kalitatezko zerbitzu lehiakorragoa lortzea da.
Gaur aurreakordioak sinatuko dituzte negoziazio batzordeekin; goizean Adifekin, eta arratsaldean Renferekin. Hitzarmen kolektiboa datorren astean sinatzea aurreikusi dute.