Krisi Ekonomikoa -

Pentsio sistema

Pentsioei KPIren igoera ahal duenean ezarriko diela iragarri du Rajoyk

2013an % 2 igoko diete pentsioa pentsiodunen % 67ri, eta % 1 gainerakoei, Espainiako Gobernuko presidentearen arabera.

Mariano Rajoy. Argazkia: EITB
Mariano Rajoy. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mariano Rajoy Espainiako presidenteak gaur goizean Diputatuen Kongresuan iragarri duenez, "ahal duenean" aplikatuko die pentsioei KPIren igoera, eguneratzeko.

Gobernuaren kontrol saioan, pentsioak eguneratzeko promesa egin zuela gogorarazi dio Rosa Diez UPyD alderdiko buruak Mariano Rajoy presidenteari. Halaber pentsioak eguneratzea ustez galarazi dioten datu ekonomikoez ere galdegin dio.

Espainiako presidentearen arabera “egoera ekonomikoa zaila” da, eta Gobernuak birritan jo behar izan du Gizarte Segurantzako erreserba funtsera eta mutualitateko funtsera. Gaineratu duenez, Gobernua neurriak hartzen ari da sistema indartzeko, lanpostuak sortzeko eta kotizatzen dutenen kopurua handitzeko.

“Pentsioak eguneratzea gustatuko litzaidake, eta hori lortzeko lan egin dugu, baina ez da posible izan”, gaineratu du Rajoyk.

PPko buruzagiaren arabera, 2013an % 2 igoko diete pentsioa pentsiodunen % 67ri, eta % 1 gainerakoei.

Rosa Diezek Rajoyren dimisioa eskatu du

Rosa Diez UPyD alderdiko buruak Mariano Rajoyren dimisioa eskatu du, pentsioak eguneratuko zituela zin egin, eta hitza bete ez duelako.

“Honetan guztian okerrena gezurra esan duela da. Agintari batek gezurra esaten badu, dimisioa aurkeztu behar du", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea