Krisi Ekonomikoa -
Erreskatea
De Guindos: ''Nazionalizatutako bankuek laster jasoko dute laguntza''
Espainiako Ekonomia ministroaren arabera, euroguneko erreskate funtsak ia 40 mila milioi euro igorri dizkio Gobernuari bankuak kapitalizatzeko.
Erredakzioa
Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak jakinarazi duenez, datozen egunetan jasoko dute nazionalizatutako bankuak kapitalizatzeko beharrezkoa duten dirua.
Diputatuen Kongresuko pasilloetan eman du horren berri De Guindos ministroak. Horren arabera, euroguneko erreskate funtsak 39.468 milioi euro igorri zizkion atzo Espainiako Gobernuari, nazionalizatutako lau bankuen erreskatea finantzatzeko eta “banku txarra” diruz laguntzeko.
Nazionalizatutako bankuek laguntza jaso aurretik, ordea, merkataritza eta administrazio alorreko hainbat kontu argitu behar direla iragarri du De Guindosek. Ondoren, Banku Berregituraketa Ordenaturako Funtsari dagokio laguntzak emateko prozesua bideratzea nazionalizatutako bankuekin.
Aipaturiko funtsak 36.968 milioi euro erabiliko ditu Bankia, Novagalicia, CatalunyaCaixa eta Banco de Valencia banku nazionalizatuak kapitalizatzeko. Bestalde, funtsak beste 2.500 milioi euro emango dizkio “banku txarrari”.
ECOFIN Kontseiluaren bileraDiputatuen Kongresuko osoko bilkura amaitzean, Bruselara joango da De Guindos ministroa ECOFIN Ekonomia eta Finantza Kontseiluko bileran parte hartzeko. Europako bankuen batasuna lortzeko bidean gaurko bileran aurrerapausoak ematea espero du Ekonomiak ministroak. Bihar gai hori jorratuko du, hain justu, Europako Kontseiluak.