Ekonomia -
Legez besteko proposamena
Murrizketa sozialak indargabetzeko eskatu du EH Bilduk
Diru Sarrerak Bermatzeko Errentako murrizketengatik kaltetutakoak konpentsatzeko, 50 milioi euroko funts berezi bat eratzea proposatu dute.
Erredakzioa
Legez besteko proposamen bat erregistratu du EH Bilduk Legebiltzarrean, aurreko Jaurlaritzak Diru Sarrerak Bermatzeko Errentan eginiko murrizketak indargabetzeko. Laguntza murriztu ez ezik, baldintza zorrotzagoak jarri zituztela salatu, eta ildo honetan, kaltetutakoei konpentsatzeko eskatu du.
Oskar Matute eta Belen Arrondo legebiltzarkideek aurkeztu dute proposamena, eta neurriak atzeraeraginezko ondorioak izatea aldarrikatu dute, diru gutxiago jaso zutenei eta batere jaso ez zutenei laguntzeko.
Laguntza hori jasotzen dutenen inguruan "irregulartasun susmoa zabalduz" horiek "kriminalizatzen saiatzea" salatu dute legebiltzarkideek, eta, ildo honetan, "egiazko iruzurra errenta handien zerga-ihesa da", adierazi dute.
Aurreko legegintzaldian, PSE-EEren JaurlaritzakDiru Sarrerak Bermatzeko Errenta murriztu zuela ekarri du gogora koalizioak eta laguntza jasotzeko baldintza erroldatuta urtebete egotea izatetik hiru urtekoa izatera pasatu zela. Caritasen datuak aipatuz, azken baldintza horren ondorioz, 3.000 lagun "laguntzetatik at" gelditu direla azaldu du.
Horretarako, 50 milioi euroko funts berezi bat eratzea proposatu du, 2013ko lehen hiruhilekoan kaltetutakoei laguntzeko. Matuteren iritziz, horretarako dirua "leku askotatik lor daiteke", eta adibide gisa Abiadura Handiko Treneko lanetara bideratutako dirua jarri du.
Gipuzkoan, Bilduk eta PSE-EEk zerga alorrean akordioa lortu ostean, "koalizioa alderdi guztiekin hitz egiteko prest dago" akordio hori Legebiltzarrera zabaltzeko, esan du, baina "akordioak mamiaren edo edukiaren arabera lortuko dira", zehaztu du.