Ekonomia -
Datorren astelehenean
Sunsundegiko enpresa batzordeak bilera eskatu dio zuzendaritzari
Langileak arduratuta daude kudeaketaz arduratzen den SODENA sozietate publikoak enpresa finantzatzeari utziko diola jakinarazi duelako.
Asteazkenean, Altsasuako Sunsundegi enpresako zuzendaritzak ekoizpen katea etetea agindu zuen, aurrez abisurik eman gabe. Langileak arduratuta daude, enpresaren erabaki horren atzean itxieraren itzala ikusten baitute. Hori dela eta, enpresa batzordeak zuzendaritzarekin bilera egin nahi du astelehenean.
Halaber, Nafarroako Gobernuaren baitako SODENA sozietate publikoak jakinarazi duenez, enpresa finantzatzeari utziko dio.
Hori guztia dela eta, oso arduratuta daude Altsasuako Sunsundegi enpresako langileak. Aipaturiko lantegian autobusen eta trenen karrozeria egiten dute.
Enpresa batzordea lantegiko 200 langilerekin elkartu da gaur arratsaldean egoera aztertzeko. Halaber, ez dute baztertzen ekintza berriak egitea enpresak etorkizuna duela uste dutelako.
Langile batzarraren ondoren, enpresa batzordeak bilera eskatu dio zuzendaritzari astelehenerako.