Ekonomia -
Egitasmo berria
Ekintzaile gazteek hilean 50 euro kotizatuko dituzte, sei hilabetetan
Espainiako Lan ministroa Ekintzailetza eta Enplegua sustatzeko egitasmoa prestatzen ari da, eta bertan parte hartzeko gonbita egin dio Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako sozialisten buruari.
Fatima Bañez Espainiako Lan ministroak gaur jakinarazi duenez, enpresa bat martxan jartzen duten 30 urte bitarteko ekintzaileek hilean 50 euro kotizatuko dituzte, sei hilabetetan.
Kazetarien aurrean hitz egin du Fatima Bañezek, eta ekintzailetza eta enplegua sustatzeko prestatzen ari diren egitasmoaren berri eman du. Neurri horien artean dago autonomo gazteei eragiten dien aldaketa.
Bestalde, ekintzaileei bideratutako beste neurri bat ere iragarri du Espainiako Lan ministroak. Bi urtez, % 30 gutxiago kotizatuko dute enpresa bat irekitzen duten 30 urtetik beherako gizonezkoek eta 35 urte bitarteko emakumezkoek.
Egitasmoaren ardatz nagusiak gazteen lan aukerak hobetzea, ekintzailetza sustatzea eta aukera berdintasuna eskaintzea.
Ez du zehaztu gazteen lan kontratuetan kotizazio aldaketak egongo diren, eta zuhurtziaz lanean ari direla gaineratu du.
Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak lana sustatzeko popularrei egindako deia ere izan du hizpide. Horren hitzetan, "lana sustatzeko ideiak dituen oro ongietorria izango da", eta Espainiako Gobernua prestatzen ari den egitasmoan parte hartzeko gonbita egin dio Rubalcabari.