Ekonomia -
Gasolindegien greba
Jaurlaritza eta sindikatuen arteko akordiorik ez, gasolindegiei buruz
Langileen ordezkariek akordioa urrun ikusten duten arren, asteazkenean bilduko dira berriz Eusko Jaurlaritzarekin.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritza eta euskal gasolindegietako sindikatuak ez dira akordio batera iritsi, Bilbon, gasolindegien grebari (sei aste dira hasi zenetik) amaiera emateko izandako bigarren bileran.
Langileen ordezkariek akordioa urrun ikusten duten arren, asteazkenean bilduko dira berriz Eusko Jaurlaritzarekin, lan-gatazkari irtenbidea jarri ahal ote zaion ikusteko, sindikatuetako ordezkariek jakitera eman dutenez.
Sindikatuen eta Juan Maria Aburtok zuzentzen dituen Politika Sozialen eta Lan Sailaren artean izandako bigarren bilera izan da, azkena hilaren 17an egin zuten.
Eusko Jaurlaritzak patronalarekin ere bilera egin du, eta bitarteko izateko pausoa eman zuen, langileen eta enpresarien arteko jarrerak bere horretan mantentzen zirela ikusita.
LA, LAB, CCOO, UGT eta USO sindikatuek lan-baldintzak bermatzen dituzten hitzarmena sinatu nahi dutela nabarmendu dute.
Halaber, lan-erreforma ez aplikatzea eskatu dute, ultraaktibitateari (hitzarmen bat indarrean egotea, beste bat sinatu arte) eta "bertan behera uzteari" dagokionez; azken horrek enpresei legezko testuinguruan jasotako ez aplikatzea ahalbidetzen die.
Patronala, aldiz, ez dator bat eskaera horiekin, legea ez betetzea izango litzatekeelakoan baitago.
Bestalde, sindikatuek akordioa gertu ikusten ez dutela azpimarratu dute, baina negoziatzeko esertzea baikorra dela gaineratu dute.