Ekonomia -

Europar Batasuna

Espainia zigortu dute AVEren lanetan irregulartasunak egitea egotzita

Orotara, 33,6 milioi euro gutxiago jasoko ditu Espainiak trenaren linea berriak egiteko.

AHTa. EITB.
AHTa. EITB.
AHTa. EITB.

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasuneko Auzitegi Nagusiak zigortu du Espainia AVE trenaren linea berriak egiteko lanetan irregulartasunak egitea egotzita. Europako Batzordeak Espainiari jarritako zigorra berretsi du Auzitegiak; hala, 33,6 milioi euro gutxiago jasoko ditu Rajoyren Gobernuak trenaren linea berriak egiteko.

Espainiak Europako Batzordearen erabakiaren aurka jarritako helegitea atzera bota du Luxenburgoko Gorteak. Europako Batzordeak AVE trenaren linea berria egiteko diru-laguntza gutxiago ematea erabaki zuen 2010ean eta 2011n, tren linea berriak eraikitzeko kontratazioak egiterakoan Europako araudia hausteagatik.

AVEko Madril-Zaragoza-Bartzelona-Frantzia linean, eta La Gineta-Albacete tartean egin ziren irregulartasunak, EBko auzitegiaren arabera.

Madril-Zaragoza-Bartzelona-Frantzia eta Lleida-Martorell AVE trenaren linea berriak egiteko diru-laguntza murriztea erabaki zuen Europako Batzordeak 2010ean.

2011ko otsailean diru-laguntzak 31,3 milioi euro murriztea erabaki zuen berriro ere Europako Batzordeak. Murrizketak bi linea horiei eta La Gineta-Albacete zatiari eragin zien.

Europako Batzordearen arabera, Espainiako Administrazioak aldaketak egin zituen lanak egingo zituen enpresa aukeratzeko lehiaketan, eta kontratuak zuzenean eman zituen.

Espainiako Gobernuak bi helegite jarri zituen Europar Batasuneko Auzitegi Nagusiaren aurrean zigorra kentzea eskatzeko, baina Auzitegiak atzera bota ditu biak, eta Espainiak auziaren kostuak ordaindu beharko ditu gainera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea