Ekonomia -

Txostena

Metroko aurreko zuzendaritzak egindako kontratuak salatu ditu Bilbaok

Aurreko legealdiko hiru zuzendari kargutik kentzea "Bizkaiko herritarrei 500.000 euro baino gehiago" kostatuko zaie, horren esanetan.

Bilboko metroa. EITB.
Bilboko metroa. EITB.
Jose Luis Bilbaok Metroko aurreko zuzendaritzak jasotako ordainak ikertuko ditu

1:39

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Bilbao Bizkaiko Garraio Partzuergoko Kontseilu Nagusiko presidenteak salatu duenez, Metro Bilbaoko aurreko zuzendaritzako hiru pertsonaren "jokabidea ez da ez duina ez morala izan, eta erabat gaitzesgarria da". Horren arabera, zuzendari horiek kargutik kentzea "Bizkaiko herritarrei 500.000 euro baino gehiago" kostatuko zaie.

Gaur eratu da Bizkaiko Garraio Partzuergoko Kontseilu Nagusi berria, 26 lagunek osatuta. Ahaldun nagusia elkarte batzorde horretako presidentea izango da. Organo horretan, Eusko Jaurlaritzak 13 kide dauzka eta Foru Aldundiak 2, eta 11 kidek Bizkaiko hainbat udalerri ordezkatzen dituzte.

Bilbaorekin batera, Lurralde Plangintza eta Garraio sailburuordea, Antonio Aiz, eta Herri Lan eta Garraioen Foru diputatua, Itziar Garamendi, izan dira.

Ahaldun nagusiak salatu egin ditu Metro Bilbaoko aurreko kudeatzaileek sinatutako kontratu "ezmoralak", eta kontratu horiek "berehala desagerraraztea" agindu du, "egoera hori berriro ere errepika ez dadin".

Bilbaok zehaztu egin du aurreko hiru zuzendarik jaso zuten diru-kopurua: Iñaki Pregok, Metro Bilbaoko aurreko kontseilari delegatuak, 140.000 euro jaso zituen urtean, eta 145.000 euro kargua uzteagatik; Iñaki Echenagusiak, azken sei hilabeteetan zuzendari kudeatzaile izandakoak, 93.000 euroko soldata jaso zuen, eta 93.000 euro gehiago, kargua utzi zuenean; eta Carmen Sarachuk, Giza Baliabideen zuzendari ohiak, 260.000 euroko kalte-ordaina jaso zuen.

Ahaldun Nagusiaren arabera, datozen egunetan aztertuko dute "sasi-kaleratze horiek" legezkoak diren ala ez, eta, aurreratu duenez, Garraio Partzuergoko eta Metro Bilbaoko arduradun politiko berriek "ordainsari txikiagoak izango dituzte, ez dute blindajerik izango, ezta abusuzko edo abantailazko klausularik ere, eta euren kontratuaren amaieran, Administrazioko kargudun publiko guztiek bezalaxe, hileko ordainketa bat jasoko dute".

Gaur egin diren lehenengo izendapenetako batzuk hauek dira: Manu Tejada Lambarri, Bizkaiko Garraio Partzuergoko zuzendari kudeatzailea, eta Eneko Arruabarrena, Metro Bilbaoko zuzendari kudeatzailea.

Ahaldun nagusiaren esanetan, Bizkaiko garraioa kudeatzeko organoek aurrerantzean egiten dituzten bileretan finantzaketarekin zerikusia duten gai guztiak eta burutzen ari diren edo burutzeko dauden proiektuak aztertu egingo dira, eta iragarri egin du Metro Bilbaon Zerbitzu Bereziak, aurreko zuzendaritzak kendu zituen unean uneko indargarriak, lehengoratu egingo direla.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea