Ekonomia -
Inbertsioak
PSE-EEren urteetan esleitutako kontratuak aztertuko ditu Jaurlaritzak
Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza sailburuak iragarri duenez, inbertsioak beste urte batzuetan egin eta kontratu batzuk bertan behera utzi beharko dira.
Erredakzioa
Patxi Lopezen Gobernu sozialistaren azken urtean esleitutako lanen kontratuak berrikustea edota bertan behera uztea aztertzen ari da Jaurlaritza, batik bat, tren azpiegituretakoak eta lan hidraulikoetakoak.
Ricardo Gatzagaetxebarria Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza sailburuak El Correo eta Deia egunkarietan egindako elkarrizketetan esan duenez, "egoera ekonomikoak gomendatzen ez zituen proiektuak onartzea ez zen bidezkoa izan".
Lakuako kutxetan ez dutela ordaindu gabeko fakturarik topatu argitu du, baina 2012an hartutako konpromiso batzuk harrigarriak direla esan du.
"Beste urte batzuetarako utzi beharko diren tren azpiegiturak daude, eta kontratu batzuk gainera bertan behera utzi beharko ditugu", esan du sailburuak Urkulluren Gobernuak aurtengo aurrekontuetan 1.200 milioi euro murriztu beharko dituela gogoraraziz.
"Hori ez egitea gustatuko litzaiguke, baina ez dut baztertzen", esan du dagoeneko sinatuta dauden kontratuak bertan behera uztea aurreikusten ote duten galdetuta.
Urteko bigarren seihilekoan ekonomiak hobera egitea espero du Gatzagaetxebarriak, baina 2013. urtea "oso gogorra" izango dela onartu du.
Aurtengo aurrekontua Legebiltzarrean aurrera ateratzeko itxaropentsu azaldu da, eta horretarako, alderdiei ardura eskatu die, batik bat PSE-EEri; izan ere, Gobernuan egon zen urteetan EAJk ez zuela kontuen aurka bozkatu ekarri du gogora.