Ekonomia -
Epai irmoa
Epaitegiek informazio eskubidea aitortu die ELAri eta LABi, Osalanen
Epailearen ustez, Osalaneko Kontseilu Nagusitik kanpo egonagatik ere, bertako informazioa jasotzeko eskubidea dute bi sindikatuek.
Erredakzioa
Bilboko 5. zenbakiko epaitegiak kaleratutako epaiaren arabera, ELA eta LAB sindikatuek Osalanetik informazioa jasotzeko eskubidea dute, Kontseilu Nagusiko kide ez badira ere.
ELAk eta LABek ohar bidez adierazi dutenez, 2010eko uztailaren 5etik aurrera Osalaneko Kontseilu Nagusian ez parte hartzea erabaki zuten, harik eta lan osasunaren eta segurtasun arloan zituzten iritziak kontuan hartzen direla bermatu arte. Erabaki hori hartzeko beste arrazoi bat Eusko Jaurlaritzak gai horri buruzko elkarrizketa mahaia sortzeko erakutsi zuen jarrera izan omen zen, Osalan erakundeari gaitasuna kentzen ziona.
Lan osasunaren eta segurtasunaren arloan Osalan Espainiako eredua kopiatzen ari dela salatu dute. "Eredu propioari uko egin diote", horien ustez.
Kontseilu Nagusian parte hartzeari uko egin badiote ere, ez die uko egin dagozkien kide karguei, eta hasiera hasieratik aldarrikatu dute Osalanetik informazioa jasotzeko duten eskubidea, gaineratu dute.
"Askotan eskatu diogu" Osalaneko zuzendaritzari informazioa bidaltzeko, "baina, Eusko Jaurlaritzaren ildo politikoei jarraituz, informazioa ukatzea erabaki zuen Pilar Collantes Osalaneko zuzendari ohiak". Eskubideak urratu zirela argudiatuz, salaketa jartzea erabaki zuten.
Epaia irmoa da, eta epaileak arrazoia ematen die ELAri eta LABi, behin-behinean Osalaneko Kontseilu Nagusian parte hartzeari uko egin badiote ere, "beren lana egiteko beharrezkoa duten informazioa jasotzeko eskubidea izaten jarraitzen baitute".