Ekonomia -
Proiektu berria
Arabako zentro batek grafenozko ahalmen handiko bateriak egingo ditu
CIC Energigune enpresak "Graphene Flagship" proiektuan parte hartuko du, Europako beste 125 ikerketa talderekin batera.
Erredakzioa
CIC Energigune Arabako zentroak nazioarteko proiektu batean hartuko du parte, pisu gutxiko eta ahalmen handiko bateriak egiteko, hau da, grafenozko bateriak egiteko. Europako Batzordearen arabera, etorkizuneko materialetako bat da grafenoa, atomo baten lodiera baino ez duena.
Egitura hexagonala duen karbono-atomozko geruza bakar batez osatua dago eta silizioak baino ezaugarri handiagoak ditu. Oso erabilgarria izango da komunikazioen, garraioen, energiaren eta medikuntzaren sektoreetan, esaterako.
Gailu elektronikoak sor daitezke grafenoarekin; izan ere, energia asko aurrez daiteke eta ahalmen handiko eta pisu txikiko bateriak ahalbidetzen ditu.
Etorkizunean, medikuntzaren sektorean ere iraultza ekarriko duela uste dute, besteak beste, erretina artifizialak egiteko aukera emango baitu.
CIC Energigune enpresak "Graphene Flagship" izeneko proiektuan parte hartuko du, Europako beste 125 ikerketa talderekin batera, eta 54 milioi euroko aurrekontua izango du lehen 30 hilabeteetarako. 10 urtetan inbertsioa Europa osoan 1.000 milioi eurora iristea espero da.