Ekonomia -
Bilkura
Eztabaida fiskala Legebiltzarrean egiteko asmoak indarra galdu du
EH Bilduk eta PSE-Eek bultzatutako ekimena ez da aurrera atera, azken bozketan Legebiltzarra bitan zatitu ostean.
Erredakzioa
EH Bilduk eta PSE-EEk fiskalitatea Legebiltzarrean eztabaidatzeko ekimenak indarra galdu du gaurko bozketan beste berdinketa bat sortu eta gero.
Proposamena iragan ostiralean aurkeztu zuten, Fiskalitearen inguruko eztabaidan eta orduko bozketan ere berdinketa izan zen, Legebiltzarra bi taldetan zatituta: EAJk eta PPk fiskaletatearen eskumenak batzar nagusiei eta foru aldundiei kentzeko ideiaren kontra egin zuten, eta EH Bilduk eta PSE-EEk, berriz, alde.
Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkide bakarrak, garaipena alde bati edo besteari emateko aukera izan du, baina, aurrekoan egin bezala, abstentzioaren alde egin du bere alderdiaren proposamen bat aurkezteko.
Oraingo honetan, ala ere, EAJko legebiltzarkide batek ez du botoa eman, PSE-EEko Rodolfo Ares falta zelako. Aresen emaztea aste honetan bertan zendu da.
EH Bilduk eta PSE-EEk aurkeztutako ekimenak fiskalitatea Legebiltzarrean eztabaidatzeko proposamena egiten du, "beharrezko harmonizazioa lortzeko". Ondoren, fiskalitatearen inguruan erabakitakoa Batzar Nagusien oniritzia beharko luke.
Donostialdeko metroa
Bestalde, Legebiltzarrak Donostialdeko metroaren hiriguneko tartea eraikitzeko proiektua aurrera ez ateratzeko eskakizuna egin du. Proiektua baimenen eta kontratuen zain dago.
EAJk eta EH Bilduk adostutako testua aurkeztu dute, koalizio abertzaleak aurretik aurkeztutako jatorrizko testuaren zuzenketa gisa, eta testu horren kontra agertu dira PSE-EE eta PP. UPyD, berriz, abstenitu egin da.
Proposamena onartu egin dute, iragan astean Ana Oregi sailburuak proiektuarekin aurrera jarraitzea "ezinezkoa" dela adierazi ondoren.
Onartutako proposamenaren arabera, Lugaritz-Kontxa eta Kontxa-Morlans tarteen eraikuntza "Donostiako mugikortasuna errazteko modurik egokiena ez dela" uste du Jaurlaritzak.
Forondako Aireportua
Eguneko beste gaien artean, Forondako aireportuaren ordutegiaren muga kentzeko eskatu dio Legebiltzarrak Espainiako Gobernuari, 24 ordu zabalik egon eta produktuen ikuskapena jarraitzen egiteko.
EAJk eta PSE-EEk testu bateratu aurkeztu dute, EH Bilduren babesarekin, baina PP guztiaren kontra agertu da eta UPyD zati baten kontra.