Ekonomia -
2012. urteko balantzea
Ficobak irabaziekin itxi du urtea, hirugarrenez jarraian
Gora egin du ekitaldien kopuruan, eta baita eragin ekonomikoan ere. 1.200.000 euro fakturatu ditu eta % 18 igo dira salmentak.
Erredakzioa
Irungo Ficoba erakustazokak irabaziekin itxi du urtea hirugarren aldiz jarraian, guztira 1.200.000 milioi euro fakturatuta. 2012an aurreko urtean baino % 10 ekitaldi gehiago hartu zituen (160 guztira), eta salmentak % 18 igo zituen.
Jose Antonio Santano Ficobako presidente eta Irungo alkate denak eta Ander Sarratea erakustazokako gerenteak aurkeztu dute 2012ko balantzea. Arduradunen ustez, emaitza horiek garbi adierazten dute FICOBAk lehiakor eta erakargarri izateko duen gaitasuna. "Erakundeak eta enpresa pribatuak erakartzeko gai izan gara", gaineratu dute.
Erakunde publikoekin elkarlanean hainbat ekitaldi antolatu zituzten 2012an, eta, horien artean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak antolatutako Eusko Skills nabarmendu dute.
Enpresa pribatuek antolatutako beste hainbat ekitaldi ere hartu ditu Ficobak 2012an: Expogrow, Kanabisaren Azoka, bi outlet azoka edota Arteando Arte Garaikidearen Azoka, besteak beste.
Guztira 160 ekitaldi egin dira 2012an Ficoban, eta 232 egunez egon da okupatuta erakustazoka. Ekitaldi horietatik % 63 bilerak izan dira, % 31 ekitaldiak eta % 6 azokak.