Ekonomia -
Auzitegiak
LAB: 'EiTBko zenbait kargudunek diru publikoarekin jokatu zuten'
Sindikatuak azalpenak eskatu dizkio EAJri,Juan Diego Casals EiTBko zuzendari kudeatzaile izandakoak ustez diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik auzipetua izan ostean.
Erredakzioa
LAB sindikatuak erantzukizun politikoak eskatu dizkio EAJri, Andoni Ortuzarren zuzendaritzaren garaian "EiTBko zenbait kargudunek diru publikoarekin jokatu zutelako".
LABek salaketa jarri zuen, EiTBko zenbait kargudunek Vilau Media izeneko garapen teknologikoetarako enpresa abian jarri zutelako. Enpresa horrek 700.000 euroko mailegua eskatu zion BBKri eta abala EiTBk jarri zuen. Likidazioa egiterakoan, baina, EiTBk ordaindu behar izan zuen Vilau Mediaren zor guztia eta horrek kontratuak murriztea eta zenbait programa bertan behar utzi behar izatea ekarri zuen.
Sindikatu abertzaleak auzitegietara jo zuen, EiTBko kargudunek beste enpresa bateko administrazio kontseilu bateko kide izan ezin direla eta interesik izan ezin dutela argudiatuta. Bilboko lehen instrukzioko epaitegiak salaketa tramitatzea onartu zuen eta Juan Diego Casals, garai hartan EiTBko zuzendari kudeatzailea zena, auzipetzea erabaki zuen "ondasun publikoak bidegabe erabiltzeko delitua eta delitu sozietarioa" egotzita. Erruduntzat joz gero, lau urteko kartzela-zigorra ezer diezaiokete. Juan Diego Casalsek martxoaren 15ean deklaratuko du epailearen aurrean.
Epailaren autoaren arabera, auzipetuak gaizki jokatu zuela pentsatzeko zantzuak daude; izan ere, "berak sinatu baitzuen abala, entitate publikoaren kapitala konprometituta". "Epai-mahaiak uste du auzipetuak interesak omen zituen entitate pribatu bati abala emanda delitua egin zuela", dio.
LABen iritzian, prozesu judizial honek abala nork eskatu zuen argitzeko balio beharko luke, "Juan Diego Casalsek bere izenean barik EiTBren ordezkari gisa jardun zuelako".