Ekonomia -

Jaurlaritzaren plana

Enplegu plana 'propaganda' dela diote ELAk eta LABek

Jaurlaritzaren "lehentasuna" enplegua ez dela kritikatu du ELAk, eta LABek "mobilizazioz beteriko udaberria" iragarri du.

ELA eta LABen protesta bat Legebiltzarraren aurrean.
LABen protesta bat Legebiltzarraren aurrean.
ELA eta LABen protesta bat Legebiltzarraren aurrean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ELA eta LAB sindikatuek gogor kritikatu dute atzo Jaurlaritzak aurkeztu zuen enplegu plana "propaganda" eta "makillajea" dela iritzita.

Adolfo Muñoz ELAko idazkari orokorraren iritziz, "propaganda" da eta Jaurlaritzaren "lehentasuna" enplegua ez dela kritikatu du.

Bilbon eman duen prentsaurrekoan, "egungo Jaurlaritzak eta aurrekoak aurrekontu-sailak batzen dituzte euren kezka enplegua dela itxurak egiteko", baina "inolaz ere, tamalez, enplegua ez da euren lehentasuna", adierazi du.

ELAren buruzagiarentzat, "iazko Aurrekontua 1.150 milioi eurotan murrizten duen Jaurlaritzak enplegua sustatzea baino beste edozer gauza egiten du".

Bestalde, Ainhoa Etxaide LABeko idazkari orokorrarentzat plana "makillajea" da eta "gizartearen aurkako Aurrekontuak onartzeko pausoa" dela uste du.

Donostian hitz egin du Etxaidek Bea Martxueta eta Rafa Izquierdo gizarte politiken eta politika ekonomikoaren idazkariekin batera. Jaurlaritzaren Aurrekontuak kritikatu ditu egungo "larrialdi" egoerarekin bat egiten ez dutela esanez. "Errealitatea aldatzeko asmoarekin baino, errealitatea onartuz eginiko proiektua da, eta 1.100 milioi euroko murrizketarekin ezin dute enplegurik sortu", esan du.

Urkullu egungo egoera sortu duten politikak "aldatzeko" prest ez dagoela kritikatu du. Horregatik, horiei eustea "suizidio politiko eta ekonomikoa" dela uste du, "krisiari irtenbiderik eman gabe ekonomia uzkurtu baino egiten ez dutelako".

Halaber, "beste aukera bat" dagoela esan du eta EAJren Jaurlaritzarentzat "posiblea" dela uste du.

Azkenik, "mobilizazioz beteriko udaberria" iragarri du, eta Aurrekontuak aurrera atera ez daitezen lan egingo dutela esan du Etxaidek, salaketa hori "lantokietara eramanez, eta mobilizaziorako ekimen berriak eginez".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea