Ekonomia -
Langileen salaketa
Corrugados Azpeitiako langileek bidegabetzat jo dute itxiera
Enpresa Batzordearen iritziz, lantegia "bideragarria" da eta "asmo txarrez" itxi dute. Jaurlaritzak Gallardo taldeari "azalpenak" eskatuko dizkiola iragarri du.
Erredakzioa
Corrugados Azpeitiako langileek enpresaren itxiera "bidegabea" dela adierazi dute gaur goizean lantegiaren atarian eman duten prentsaurrekoan eta Gallardo Taldeak hartutako erabakia ez dutela "ontzat ematen" azpimarratu dute.
Enpresa Batzordearen iritziz, Azpeitiko lantegia "bideragarria" da eta aurrera egiteko "nahikoa lan" bazutela adierazi dute, hori dela eta, langileek Azpeitiko lantegia ez ixteko eskatu dute.
Corrugados Azpeitia Urola eskualdeko enpresa handienetakoa da, 300 lagunek egiten dute lan bertan eta eta zeharka beste ehun baino gehiagori ematen die lana. Hala, Corrugados Azpeitiak "Gallardo Taldearen barruan edo kanpoan bizi behar" duela adierazi dute langileek eta erakundeei erabaki "bidegabe" horren aurrean esku-hartzeko eskatu die.
Azpeitiko fundizio horretako langileek datorren astean batzar batean erabakiko dute zeintzuk diren egoera honen aurrean jarraitu beharreko pausoak eta mobilizazioak. Horrez gain, enpresak Aste Santuaren ondoren jarduera bertan behera uzteko aurkeztuko dien lan erregulazio txostena aztertuko dute.
"Lan karga tonak daude"
Gainera, lantegia ez ixteko "lan karga nahikoa" dagoela ziurtatu du enpresa-batzordeak.
Azpeitian emandako prentsaurrekoan, enpresako zuzendaritzak "asmo txarrarekin" ekin duela salatu du Imanol Arrojeria ELAko ordezkariak. ELAk eta LABek gehiengoa dute enpresa-batzordean.
Lana erregulatzeko txostenaren xehetasunak Aste Santuaren ostean ezagutuko dituztela jakinarazi du Arrojeriak. "Lantegiak zabalik jarraitzeko lan karga tonak" dituela erantsi du.
Eusko Jaurlaritzak azalpenak eskatuko ditu
Eusko Jaurlaritzak Gallardo taldeari azalpenak eskatuko dizkio Corrugados Azpeitia itxiko duela erabaki eta gero.
Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren iritziz, "oso albiste txarra da" eta erabakiak "ezustean" harrapatu dituela azaldu dute, erakundeek ez dutela aurretiaz erabaki horren berri jaso azpimarratu dute.
Jaurlaritzak jakinarazi duenez, Gipuzkoako Aldundiarekin elkarlanean ari dira "Gallardo taldeari" azalpenak eskatzeko eta enpresak itxiera ez den beste erabaki bat hartzeko hari mutur guztiak aztertzeko.
Hala, Jaurlaritzak enpresaren zerbitzura jarri du balizko inbertitzaileak bilatzeko laguntza zerbitzu bat.
Enpresaren bideragarritasuna bermatzeko eskatu du Garitanok
Azpeitiko Corrugados lantegia ixteko erabakia berriz pentsatzeko eskatu dio Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Gallardo Taldeari. Halaber, enpresaren bideragarritasuna bermatzeko eskaera egin dio.
Ohar bidez jakinarazi duenez, "Gallardo Taldea 10.000 tonako eskari bat lortzeko negoziazioetan ari zen Hego Ameriketako enpresa batekin, eta akordioa itxiz gero sei hilabeteko lana bermatuko luke".
Gallardo Taldearen erabakia
Gallardo Taldeak, Corrugados Azpeitia enpresaren jabeak, lantegia behin betiko ixteko asmoa jakinarazi zien atzo Gipuzkoako egoitzako 300 langileei.
LAB sindikatuak ohar batean iragarri zuenez, Enpresa Batzordeak bilera egin zuen zuzendaritzarekin, eta, bertan, Gallardo Taldeako zuzendaritzak Azpeitiko egoitza ixteko asmoa helarazi zien.
Sindikatuaren ordezkarien arabera, taldeak ''Getafeko lantegiaren aldeko apustua'' egin nahi duela azaldu die enpresak.