Ekonomia -
Tarifak behera
Facua: 'Argindarraren beherakada egoeraren araberakoa da'
Urtebetean % 8,3 igo dela gogorarazi du elkarteak eta, bide batez, "Gobernuak erabiltzaileak merkatu askean kontratazioak egitera behartuko ditu", salatu du.
Erredakzioa
Facuak ohartarazi duenez, apirilean gertatuko den argindarraren jaitsiera "egoeraren araberakoa baino ez da", urtebetean % 8,3 garestitu ostean, hau da, hilean 6,48 euro, eta, halaber, azken hamarkadan izandako igoera "neurrigabeak" arintzen ez dituela salatu du.
Erakundeak egin duen txosten baten arabera, astelehenetik aurrera % 7,1 jaitsiko da bataz beste argindarraren faktura, alegia, 5,71 euro hilean.
Gauzak horrela, hileroko faktura 74,76 eurokoa izango da (58,7763288 euro gehi argindarraren gaineko zergak eta BEZak suposatzen duten % 27,19 gehiago); urtarriletik 80,47 euro ordaindu behar zen bataz beste (63,2708088 euro gehi zeharkako zerga). Erabiltzaileek bi hilean behin ordainduko dituzte berriro ere fakturak, hilero egiten jarraitzea eskatu ezean.
Facuak nabarmendu duenez, apirila eta ekaina arteko elektrizitatearen tarifak iazko izan zirenen antzekoak izango dira. Zehazki, 2012ko apirilean, argindarraren hileroko fatura 74,48 eurkokoa izan zen bataz beste, 60,05 gehi zeharkako zerga.
Bestalde, kontsumitzaileak defendatzen dituen elkarteak kritikatu duenaren arabera, "tarifak zehazteko modua aldatu beharrean, (kWh-ren prezioa enpresek zehazten dute) Gobernuak erabiltzaileak merkatu askean, oraindik ere garestiagoak, kontratazioak egitera behartzea du helburu".