Ekonomia -
Auzitegi Nazionala
Laminaciones Arreguiren lan-erregulazioko txostena atzera bota dute
Txostenak Gasteizko eta Urbinako lantegietako 160 langileri eragin behar zien datozen bi urteetan. Auzitegi Nazionalak eskumena zuen, erregulazioak Galiziako langileei eragiten zielako.
Erredakzioa
Celsa Atlanic (Laminaciones Arregui) enpresak aurkeztutako lan-erregulazioko txostena bertan behera utzi du gaur Auzitegi Nazionalak, ELA sindikatuak jakitera eman duenez. Txostenak Gasteizko eta Urbinako lantegietako 160 langileri eragin behar zien datozen bi urteetan.
Arabako Celsa Atlantic konpainiako enpresa-batzordeak helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Nazionalaren aurrean. ANk eskumena zuen, erregulazioak bi erkidego ezberdinetako langileei eragiten zielako; izan ere, Galiziako lantegietako langileei eragiten zien.
Epaiketa martxoaren 26an egin zuten, Madrilen. Saioaren amaieran sindikatuak pozik azaldu ziren, eta txostena atzera botako zutela adierazi zuten .
Gaur Auzitegi Nazionalak langileei arrazoia eman die, eta enpresako zuzendaritzak aurkeztutako txostena arbuiatu du.
Bestalde, EAEko Auzitegi Nagusiak beste txosten bat baliorik gabe utzi zuen, eta Celsa Atlanticek helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Gorenaren aurrean. Prozedura hau ebazpenaren zain dago.