Ekonomia -
Aurre-erretiro partzialerako
Langile publikoen errelebo-kontratua berreskuratu duen plana, onartuta
Langile publikoen aurre-erretiro partzialerako planarekin 2.100 langilek errelebo-kontratua aukeratu ahal izango dute 2018ko abenduaren 31ra arte.
Erredakzioa
Gobernu Kontseiluak "Euskal Autonomia Erkidegoko langile finkoentzako Erretiro Partzialeko Plana" onetsi du gaur. Martxoaren 27an Funtzio Publikoko Mahai Orokorrean ordezkaritza duten sindikatu guztiekin hitzartu zen plana.
Akordio horri esker, errelebo-kontratua berreskuratuko da; horrenbestez, 2.100 langilek errelebo-kontratua aukeratu ahal izango dute akordioa argitaratzen denetik 2018ko abenduaren 31ra arte.
Aurretiko erretiroa hartu nahi duten eta baldintzak betetzen dituzten (61 urtetik aurrera) 2.100 langile publiko horiek lanaldia % 25era arte murriztu ahal izango dute. Horri esker, egun lan-poltsetan izena emanda dauden beste horrenbeste lagunek lanpostu horietan aritzeko aukera izango dute lanaldiaren % 75era arteko kontratuekin.
Plan hori onartuz, batetik, langile publikoen aurretiko erretirorako eskubidea berreskuratuko da eta, bestetik, enplegua sortuko da uneotan Eusko Jaurlaritzako lan-poltsetan dauden bi mila lagun baino gehiagori euskal administrazio publikoan lanpostu finkorako sarbidea emanez.
Akordioak Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako administrazioaren lan-kontratudun langileei, Hezkuntza Saileko lan-kontratadun langileei, Segurtasun Sailekoei eta Osakidetzakoei eragingo die.